ALBISTEAK

Euskal preso politikoen eskariari buruz EBBko presidente Andoni Ortuzarrek emandako erantzuna dela eta, SORTUk honako hau adierazten du:

  1. Pozten gara EAJk publikoki esan duelako presoen eskubideen alde lan egingo duela.

  2. Autokritika modu integral batean egin behar dela ulertzen du SORTUk. Prozesu oso baten barruan beti ere, gatazkan modu batean edo bestean sufrimendua eragin duten guztiek, sufrimendu horretatik probetxua atera duten guztiek eta gatazkan parte hartu duten guztiek egin behar dute autokritika, bakean eta bizikidetzan oinarritutako gizarte bat eraiki ahal izateko.

  3. EAJk hasieratik sustatu eta babestu zuen hainbeste sufrimendu eragin duen presoen sakabanaketa. Bere iritzia interes politikoen arabera aldatu badu ere, bada ordua lehenbailehen konpon dezaten beraiek sortutako bidegabekeria. Presoen auzia konpontzeak euskal gizarte osoari egiten dio mesede. Sakabanaketak, sufrimendua eragiteaz gain, ez du bere helburu nagusia lortu: presoen kolektiboa haustea. EAJk bere posizioa aldatu badu, presoek erresistentziarako gaitasuna erakutsi izan dutelako izan da.

  4. Familia askorentzat 250 kilometroko erradio batera ekartzea aurrerapausoa bada ere, eta horrela aitortzen dugu, ez da nahikoa. Bisita bategatik 500 kilometroko joan-etorria eta senideen bizitzak arriskuan jarraituko dutela esan nahi du horrek. Aurreko asteburuan Asier Ormazabal presoaren lagunek Teruelgo espetxetik bueltatzean izan zuten istripu larria, eta Teruel 250 kilometroko erradio horretako espetxeen zerrendan sartuko litzateke. Preso guztiek Euskal Herrian egon behar dute.

  5. SORTUk gatazkaren ondorioak gainditzeko urratsak ematen jarraitzeko prestutasuna eta determinazioa azaldu nahi du. Ankerkeria hau behingoz amai dadin, herri mobilizazioekin jarraitzea garrantzitsua da. Urratsak guztion artean ematen baditugu errazago lortuko dugu bake eta bizikidetzan oinarritutako gizarte bat. SORTUren asmoa da guztion artean, herritarrekin batera, gatazkaren ondorioen zikloa ixtea, beti ere plangintza integral baten barruan.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.