ALBISTEAK

SORTUk gogor salatzen du Liher Aretxabaleta bilbotarraren aurkako sententzia eta atxiloketa. Bakea eta normalizazioa lortzeko lanean ari garen guztiontzat sekulako kolpea izan da. SORTUk, Euskal Herriko gehiengoak bezalaxe, barneratuta dauka kartzelak husteko unea dela, ez betetzeko. Hori dela eta, euskal eragile sozial, politiko, sindikal eta instituzionalekin batera presoen auzia behin betiko konpontzeko borondate eta determinazioa adierazi nahi du.

Mendeku gose aseezina erakusten ari da Espainiako Erresuma. Euskal jendartea konponbidearen alde pausoak ematen ari den bitartean, estatuko aparatuek estrategia errepresiboa eta salbuespen politikak aplikatzen ari dira, nola edo hala gatazka mantentzeko.

Ezin larriagoa da. Espainiako Erresumak darabilen gerra estrategia Euskal Herriak hartu duen aurkako norabidean doa. Gizartean, presoen auziari irtenbidea aurkitzeko inoiz baino adostasun zabalagoak eratzen ari direnean, eta ETAren armagabetzeaz geroztik gai honi heltzeko aitzakiarik ez dagoenean, 40 urte betearazi nahi dizkiote gazte bati salbuespen politikak aplikatuta.

SORTUk elkartasuna adierazten Liher Aretxabaletari berari, haren senideei eta lagunei, eta atxiloketa horren aurka deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du. Gehiegi sufritu du herri honek, gatazka denon artean konpontzeko unea da. Sufrimendua luzatzeak ez darama inora.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.