Sorturen Kontseilu Nazionaleko kide Sonia Jazinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezek Ernaik Donostiako Bulebarrean "Zuen turismoa, gazteon miseria" lelopean deitutako manifestaldian parte hartu dute. Azken asteotan garatzen ari diren polemika interesatuen gainetik, Euskal Herriko egungo turismo eredu neoliberalari buruzko eztabaida politiko, sozial eta instituzional sakona behar beharrezkoa dela uste du Sortuk.
Esan dezakegu dagoeneko sektore politiko eta sozial guztiek, modu batean edo bestean bada ere, turismo ereduari buruzko eztabaidaren beharra onartzen dutela eta denbora gehiago galdu gabe eztabaida lasai eta sakonari heldu beharra zaio, are gehiago eredu honen ondorio larri eta zuzenak diren etxebizitzen garestitzea edota lan baldintzen prekarizazioa, gazteenak bereziki, ezagututa.
Bestalde, Ernai gazte antolakundeari gure babes osoa adierazi nahi diogu. Guztiz onartezina da azken asteotan Ernaik jasan duen lintxamendu politiko eta mediatikoa, bereziki turismo eredu neoliberal hau babesten duten sektore politiko eta komunikazio taldeen aldetik. Kriminalizazio saiakera hauekin benetako eztabaida estali nahi dute, turismo ereduarena hain zuzen ere.
Protesta egitea eskubide demokratiko bat izan ez ezik, gizartearen eraldaketa eta aurrerapen guztien ezinbesteko pizgarri izan dira eta guztiz zilegi dira. Sektore zehatz batzuek guztiz zilegiak diren protesta hauen kategoria handitzen ari direla salatu nahi dugu, ustezko erasoen eremu bat artifizialki birsortu nahian.
