ALBISTEAK

Gasteizen Anna Gabriel diputatuaren hitzaldia galaraztearekin batera, 78ko Erregimena erridikulu galanta egiten ari da. Ze demokrazia da erreferenduma debekatzen duena eta kanpainako edozein ekitaldi galarazten duena? Dena galarazteko tematuta dago. Estatu demokratiko batek eskubideak eta askatasunak bermatu beharko lituzke. Kataluniako auziarekin, baina, salbuespeneko egoeraren gero eta antz handiagoa du Espainiako Erresumaren jazarpenak: adierazpen askatasunaren, manifestazio askatasunaren, erabakitzeko eskubidearen eta prentsa askatasunaren aurka ari da buru-belarri.

Kataluniako herriari babes osoa adierazi nahi dio SORTUk. Autodeterminazio eskubidea praktikara eramaten ari dira eta haien ondoan gaude. Badakigu zein indartsua den Estatuaren makineria politiko-judiziala. Gaur Gasteizen hitzaldi bat debekatu dute, eta honek gogora dakarkigu ilegalizazio garaian Espainiako Erresumak ezker abertzalearen aurka abiarazitako sorgin-ehiza hauteskunde kanpainetan, ekitaldiak debekatuz besteak beste. Honek guztiak beste behin erakusten digu botere judiziala Gobernuaren meneko dela. Hau ez da benetako demokrazia.

Independentista guztiok eta ezkerreko pertsona guztiok Kataluniako herria babesteko ekitaldiak biderkatu behar ditugu. Bihar, demokraziaren alde gaudenok zita garrantzitsua dugu Bilbon, kaleak txiki utzi behar ditugu, Kataluniaren defentsan eta oinarrizko eskubideen eta askatasunen alde. Kalean erantzun sendoa emateko unea iritsi da.

Erregimenak krispazioa bilatzen du. Ez diogu plazer hori emango. Irribarrez erantzungo diogu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.