Ibon Iparragirre euskal preso politikoa espetxetik atera eta gaixotasun neurologikoak artatzeko zentro batera eraman izanak ez ditu gure nahiak asetzen. Ibonen gaixotasunean aditua den sendagile batek egindako azken txostenak erabakiorrak dira, eta nahiko arrazoi bazen bere zigorra aurrerantzean etxean bete dezala erabakitzeko, horixe zelako eskatzen zen neurria.
Kasu honetan Iboni ezarri zaion espetxealdi malgutuak esan nahi du espetxetik irten eta Arrasateko Aita Menni zentro espezializatuan jarraituko duela zigorra betetzen. Argi utzi nahi dugu hau ez dela espero genuen erabaki judiziala, beste modu bateko erabakiak hartu zitezkeelako kontrol neurriak bateragarri izan daitezen bere gaixotasunaren tratamendu mediku egokia eramanaz etxean eta bere senideekin egoteko.
Ibonen bizia arriskuan dago. Gaixotasunaren garapen propioagatik iritsi da muturreko egoera honetara, baina baita osasunari dagokion edozein patologia beti larriagotzen duten espetxeko bizi baldintzengatik ere. Ibonek aspalditik egon behar zuen kalean, gaixorik larri diren euskal preso politikoei ukatzen zaien “gizatasun printzipioa” ezartzearekin soilik. Ibonekiko orain hartu duten erabakia salbuespenezko legediaren dinamikan kokatzen da, eta justiziari ordez mendekuari eta zigorrari ematen zaio lehentasuna.
Salbuespenezko espetxe politika amaitzearen beharra azpimarratu nahi dugu Sortutik, eta giza eskubideak izan daitezela erabaki judizialen nondik norakoaren erakusgarri. Larriki gaixo diren presoen egoeraz erabaki behar dutenean bereziki. Ibonen oraingo egoerak bere gaixotasunaren kinka larria gainditzen lagun diezaiola desio dugu, eta bere indar guztiak osasunaren alde borrokatzera bideratu ditzala.
Ezin ditugu ahaztu azken hilabeteotan modu batera edo bestera Ibon Iparragirreren askatasun eskaera ezberdinetan parte hartu duten pertsona guztiak, instituzio eta erakunde politiko eta sindikal guztiak, eta eskerrak ematen dizkiegu denei.
Azkenik, larriki gaixorik dauden beste euskal preso politiko guztiak ere espetxetik irteteko gure desioa adierazten dugu, horrela beren gaixotasuna modu duinean eta sendagileen arreta egokiarekin bizi dezaten. Preso gaixoei dagozkien hurrengo erabaki judizialetan “Gizatasun printzipioa”ren dotrina nagusitzea nahi dugu.
Ibon etxera
