ALBISTEAK

Sortuk Durangon otsailaren 10ean egindako Herrigintza aro berri baterako hamaika begirada tailerraren ondoren, Plaza Hutsa izeneko ekimena abiatu du. Herrigintzan modu batean edo bestean lan egiten dutenen elkargune eta gogoetak partekatzeko toki izan nahi duen espazioa.

 

Herri honek bere sustraietan zerbait badu hori herrigintzarako sena da. Azken hamarkadetan izandako herrigintza tradizioak asko eman dio herri honi; baina gaur ukaezina da herrigintza aro emankor horren agorpen zantzuak azalaratzen hasiak direla. Euskal Herria XXI. mendeak dakarzkion desafioei aurre egiteko inoiz baino zaurgarriago dago, eta ezinbestean herrigintza aro berri bat behar du; herri honi arnasaldi berri bat emango dion inpultso komunitario berria. Horixe sustatzera dator Plaza Hutsa ekimena.

 

Euskal Herria herri bezala mehatxu anitzen jopuntuan dago. Neoliberalismoak amildegiaren aurrean jarri du mundua, eta Euskal Herria ez dago hortik salbu. Baina horri gaineratu behar zaio espainiar estatutik datorren oldarraldi sozial eta politikoak bete-betean harrapatzen duela herri hau. Eta zoritxarrez, herri hau inoiz baino ahulago dagoela antzematen dugu –ehun produktiboa ahulduta, autogobernuaren sistema instituzionala zaurgarrituta, espazio komunikatiboa desegituratuta, euskalduntze fase bat agortuta etab.-. Horri buelta ematea du bokazio iniziatiba honek. Herri-burujabetza helburu duen eta jendarte eredu justu eta igoalitarioagoa eraikitzeko bokazioa duen erreakzio komunitario arnasberritu bat sustatzea.

 

Plaza Hutsa, hortaz, herrigintza aro berri bat sustatzeko sortu den espazioa kolaboratibo eta irekia da. Ez da sigla batzuei lotzen, ezkertiar eta abertzaleen komunitate zabala aktibatu eta trebatzeko elkargunea da. Eta herri kontzientzia ardatz hartuta gogoeta eta ekintzailetza partekaturako espazio izan nahi du.

 

Plaza Hutsak gogoeta kolektiboa bultzatzeaz gain, ezkerreko independentismoa herrigintzan ahaldundu eta trebatu nahi du. Horretarako, espazio digitala –www.plazahutsa.eus webgunea- eta tailer parte hartzaileak antolatuko ditu, besteak beste. Gogoeta kolektiborako, maiatzetik uztailera bitarte astero elkarrizketa bat egingo zaio herrigintzako esparru ezberdinetan arituak edo adituak diren pertsonei -Webgunean emitituko dira-. Ekainean UEU eta Iratzar Fudazioaren eskutik Herrigintza aro berri baterako begiradak titulupean ikastaroa antolatuko da. Horrez gain, datorren udazkenean herrigintzari buruzko tailer zabala antolatuko da.

 

www.plazahutsa.eus webgunean, Hamaika Begiraden Gogoeta izeneko dokumentua irakur daiteke, ekimenaren nondik norakoak adierazten dituena. Horrez gain, Maiatzaren Lehenetik aurrera, astero elkarrizketa-saio bana eskainiko du webguneak herrigintzari buruzko gogoetekin. Besteak beste, Txomin Poveda, Nora Salbotx, Lur Albizu, Manex Agirre, Irati Jimenez, Saioa Iraola, Amaia Zufia, Amets Arzallus, Carlos Askunze, Jule Goikoetxea, Igor Arroyo eta Izaskun Garciak parte hartuko dute elkarrizketetan.

Jarraitu ekimena hemen:

@plazahutsa

www.facebook.com/plazahutsa

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.