SORTUk ekitaldi politikoa egin du gaur Miribillako Bilbao Arena pabilioian ETAren amaierarekin batera ireki den ziklo politiko berriari bultzada emateko.
Ekitaldiko hitzartze nagusian, SORTUko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguez Torresek “ezker abertzalearen konpromiso sendo eta mugiezina” nabarmendu du ireki berri den zikloari bultzada emateko. Bere iritziz, ziklo berriak oinarrizko printzipio bat izan behar du ardatz gisa: “Eskubide guztiak pertsona guztientzat; norbanakoen eskubideetatik hasita gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea lortu arte”.
“Zoritxarrez”, jarraitu du, “testuinguru honetan, bizikidetza eraikitzeko baino kezka handiagoa agertzen dute batzuek errelatoaren bataila irabazteko”. Zentzu horretan, ezker abertzaleari exijentziak eskatzen ari zaizkien horiei zuzendu zaie. “Egin dezatela guk geuk egin duguna: beren ardurak bere egin ditzatela”.
Iraganari amore emateko eskakizunei dagokionez, “guk ez diogu inori esango zer esan behar duen eta zer ez; baina, inola ere ez diogu inori onartuko zer esan behar dugun exijitzen digunean eta are gutxiago zer pentsatu behar dugun exijitzen digunean”. SORTUko idazkari nagusiak gaineratu du errelatoaren inposaketaren gainean ezin dela bake justu, iraunkor eta egonkor bat eraiki.
“Borrokari esker”
Miribillako ekitaldian, Euskal Herrian borrokak ekarri duenari errepasoa egin dio SORTUk. Askatasuna helburu, sakrifiziotik, dena emaitetik hasita, militanteen ilusio eta eskuzabaltasunera.
Rodriguez, bere hitzartzean, Euskal Herriaren askapen prozesuan aurrera egiteko bere konpromisoan berretsi da. “Herri hau borrokari esker irten zen frankismotik” eta gaur da eguna “78ko erregimena” eta “Espainiaren proiektua” inoiz baino ahulagoak daudena.
Jarraian, nabarmendu du ezker abertzalea “funtsezko bataila politiko bat” irabaztetik datorrela, “sakoneko” aldaketa bat sortzeko baldintzak sortu dituena. Ipar Euskal Herriak lortutako erakundetze propioa ere aipatu du, Nafarroako aldaketarekin batera eta Euskal Herrian aldaketa sozialaren eta erabakitze eskubidearen aldeko gehiengoarekin batera. “Harrotasunez diogu, baina harrokeriarik gabe”
“Herri honek gauza handiak egin ditu eta etorkizunean ere egin beharko ditu”
SORTUren aburuz, ETAren amaierak Euskal Herriari bultzada politiko eta kulturala emateko pizgarria izan behar du. Zentzu horretan, “herri honek gauza handiak egin ditu eta etorkizunean ere egin beharko ditu”, nabarmendu du.
“Orain irabaztea tokatzen zaigu”. Zer da irabaztea? Irabaztea da aldaketa politikoa gauzatzea, burujabetzaren aldeko herri-prozesu bat artikulatzea eta ezkerretik estatu bat sortzea eredu ekonomiko eta sozial bidezkoa izan dezan eta kalitatezko demokrazia eraiki dadin”.
Horretarako, proiektu independentista berritu behar dela adierazi du. Horrekin batera, herri honetako jendearekin eta indar biziekin mobilizazio ziklo berri hau sustatu behar dela gaineratu du.
Presoak, iheslariak eta deportatuak
Ekitaldian presoen, iheslarien eta deportatuen inguruko erreferentziak ez dira falta izan. Unerik hunkigarrienetako bat izan da Peru del Hoyok, Badajozko espetxean hildako Kepa del Hoyo presoaren semeak, preso baten eskutitz bat irakurri duenean. Gutunean ur tanten eta itsasoaren metafora aipatu da, jasotzen duten elkartasun eta babes uholdea adierazteko, horri esker beraien etxeetatik ehunka kilometrotara egon arren, presoak ez baitira bakarrik sentitzen.
Babesa eta elkartasuna nazioartetik
Ekitaldian, nazioartetik etorritako ordezkaritza zabal batek parte hartu du, historikoki ezker abertzalearekin harreman estuak izan dituena. Nazio askapeneko hainbat mugimendutako ordezkariak izan dira, borroka armatuko prozesuetatik estrategia politiko hutsetara igaro direnak kasu gehienetan. Beraietako askok Gobernuetan dihardute, beste batzuk beraien herrialdeetan alternatiba politiko sendoa dira.
Ekitaldian hitz egin dute Sinn Fein alderdiko Michelle O’Neill-ek eta Korsikako asanbladako presidente Jean Guy Talamonik. Euskal Herriari elkartasuna adierazi diote eta ezker abertzaleak bakea eta askatasuna eraikitzeko emandako pausoak goraipatu dituzte.
Bestalde, Elena Beloki SORTUko Kontseilu Nazionaleko kidieak adierazpen bat irakurri du mundu hobe bat eta herri justuagoak eraikitzeko aliatu historikoen kidetasuna goraipatuz.ºº1ºº
