Gaur, 2018ko abuztuaren 11ean, Euskal Errepublikaren proklamazioa ospatzeko bildu gara…
Imaginatzen duzue hala balitz?
Imagina dezagun une batez eraikiko genukeen Euskal Errepublika.
Imagina dezagun zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria.
Lan harremanetan, langileen eskubideak lehenetsiko diren Euskal Herri bat.
Sexuen arteko botere harremanak gaindituko dituen jendartea.
Ez sexu, ez jatorri, ez orientazio, ez beste arrazoiarengatik bereizkeria pairatu behar izatea.
Imagina dezagun, sistema bat herritar orori zaindua izateko eskubidea bermatuko diona, inorrek zaintza lanetara behartuta izan gabe.
Imagina dezagun herritarron beharizan oro bermatzen dituen zerbitzu sozialen sistema. Imagina dezagun zaintza lanak balioan jartzen dituen jendartea, pertsonak erdigunean jartzen dituena.
Imagina dezagun maila guztietako prekarietatea gainditzeko bitartekoak dituen Estatu bat.
Imagina dezagun bere etorkizuna imagina dezakeen gazteria.
Imagina Euskaraz mitzatzen den Herria.
Imagina preso eta iheslari politikorik gabeko Euskal Herria.
Horrela imaginatu du Ezker Abertzaleak, bere hastapenetik, Euskal Herria: zapalkuntzarik gabeko herria, gizon eta emakume librez osatutako herria. Horrela imaginatu zuten orain mende erdi baino gehiago antolatzea erabaki zuten gazte horiek.
Eta iparra berdina jarraitzen du izaten. Badakigu nora heldu nahi dugun. Baina ezin imaginarioan geratu. Gure proiektuarengana hurbiltzen gaituen bidea zehaztu eta urrats praktikoak ematean dago gakoa. Hori izan da orain arte askapen prozesuaren gakoa: bidea marraztu eta urrats praktikoak, bidea berrikusi, eta urrats praktikoak, bidea zuzendu eta urrats praktikoak, bidea marraztu...
Ta horrela ekarri dugu Euskal Herria egun dagoen bidegurutzera. Ziklo bat itxi eta aro berri batean gaude. Ez da txikia orain arte ibilitakoan lortutakoa: errazago imaginatzen dugu orain Euskal Herria, herriaren gehiengoa dago erabakitze eskubidearen alde... beraz urrats berriak emateko baldintza hobeetan gaude. Eta orain, inoiz baino gehiago, herriarekin egin beharreko bidea da honokoa.
Jakin badakigulako, ez Parisetik, ez Espainiatik ez zaizkigula herri honek behar dituen aldaketak etorriko. Handik ekar ditzakegunak, herriaren lorpenak izango dira. Iragarritako presoen mugimenduena dugu adibide, norbaitek pentsatzen du egoera sostengaezina egingo ez bazitzaion, edo eta bere kalkulu eta interes propioengatik ez balitz, PSOEk urratsik emango zuenik? Norbaitek sinistu Estatu Espainola demokratizatzeko aukera dagoenik? Bertatik aldaketa estrukturalak etorriko direnik? Guk ezetz uste dugu. Beraz, ez dago bertan gure iparra.
Euskal Herrian dugu iparra. Eta Herria dugu giltza. Eta hemen ere, herriaren aktibazioa izango da eragile politikoak urrats praktikoetara eramateko berme bakarra. PNV bi bandetan jokatzeko duen trebezia horretatik ateratzeko, edo Podemos hitzetatik ekintzetara ekartzeko, edo Nafarroan abiatutako aldaketa bururaino gauzatzeko. Herria dugu, paperean idazten diren akordio horiek praktikara eramateko berma bakarra, ez baitago akordio politiko eraginkorrik, ez baitago aldaketa errealik, herriaren babesik gabekoa. Herriaren borontatea dugu oinarri.
Azken ikasturtean soberan demostratu du euskal jendarteak bere borontatea agertzeko duen gaitasun mobilizatzailea: udazkenean milaka lagun mugitu ziren Pariserat presoen eskubideen alde, martxoaren 8an metatutako indarra ekimen berrietarako energia bilakatu zaigu, pentsiodunen borrokaren eredugarritasuna, benetako justizia aldarrikatzeko uholdeak, Altsasuko gazteen kasuan edo eta sexu-indarkeriaren aurrean, erabakitze eskubidearen aldeko giza-katea... eta badatoz berriak ere: Orain presoak dinamika, euskaraldia, Korrika...
Beraz, arrazoiak soberan ditugu Euskal Errepublika baten beharra aldarrikatzeko. Arrazoiak baino, beharra dugu. Beharra erabakitze eskubidea aldarrikatzetik, gauzatzera. Beharra, denaz erabakitzeko. Beharra gaitasun mobilizatzaile guzti hori, gaitasun eraikitzaile bilakatzeko. Beharra herri prozesu bat eraikitzeko, instituzioetatik zein eremu ezberdinetatik. Beharra herri borontatea agertu eta erabakiak gure esku hartzeko. Finean, beharra herri borontatea oinarri, guztion Euskal Errepublika eraikitzeko.
Amaitze aldera, eta Donostiako jaien atarian gaudela, ongi-etorria eman nahi diegu Donostiara, Euskal Herrira, herrialde ezberdinetatik, mundu zabaletik hurbildu diren horie. Ez. Gu ez gaude turismoaren kontra, ez gaude turisten kontra. Bai berriz eredu ekonomiko eta sozial baten kontra: kulturak deusezten dituena, bizitza merkantilizatu, eta finean pertsonen esplotazioa oinarri duena.
Ongi-etorria Altsasuko gazteen guraso eta lagunei. Eta hemendik, noski, besarkada eta txalo handi bat kartzelan diren Altsasuko gazteei.
Bide batez, kartzeletara hurbildu garen honetan, besarkada bat euskal preso eta iheslari politiko guztientzat. Beraietako bakoitza eta denak etxean izan arte ez dugu etsiko. Ez dago aitzakiarik, etxera!
Ongi-etorria, maiuskulaz, euren herrialdeetatik ihesi eta euren bizitza arriskuan jarriaz ailegatzen diren migratzaileei. Ez dago izenik Europar Batasunetik, Estatuetatik, garatzen ari den politika hipokrita izendatzeko.
Eta bukatzeko, ongi-etorri gaur hemen diren lagun katalanei. Badoakie hemendik ere besarkada iraultzaile bat, elkartasunetik, baina baita borroka berean ari diren bi herrien ikuspegitik. Eurek ere, egun batez, imaginatu zuten Errepublika Katalana… eta hortxe dira, gauzatzen ari dira.
Perqué nosaltres també ho volem tot!
Guk ere denaz erabaki nahi dugulako.
Bada euskal esaera hona diona: Ezina, ekinez egina.
Lortuko dugu!
Gora Euskal Herria Askatuta! Gora Herria!
