SORTUk bigarren Konferentzia Politikoa egingo du irailaren 29an, Iruñeko Refena aretoan, 'Herritmoa bizitu' goiburupean. 2016an Birfundazio Biltzarrean erabaki zuen SORTUk, ikasturte politikoa irekitzeko, urtero, Konferentzia Politiko bat antolatzea.
Nuria Altzugarai idazkari teknikoaren esanetan, bikoitza da Konferentzia Politikoaren helburua: “Alde batetik, ikasturte politikoari hasiera emateko, irakurketa eta erronka politikoak partekatzeko gunea dugu, batzar formatuan. Eta bestetik, honelako hitzordu bat gure kidegoaren topaketa izateko eta komunitatea trinkotzeko baliatzen dugu”, adierazi du.
Eduki zehatzari dagokionez, bi atal nagusi jorratuko dira: lehengo, ikasturteko balantzea eta egoera politikoaren azterketa, plan politikoa eta honen baitako ikasturteko erronkak.
“Garrantzi handiko hitzordua dugu”, adierazi du Altzugaraik, “bai SORTUrentzat baita Sortzaileentzat ere.'Erritmoa bizitu' leloak dion bezala, gure ekarpen militanteren bidez Euskal Herriko burujabetza prozesuaren akuilu izan nahi dugulako, eta horreetarako ditugun erronkak finkatuko baititugu bertan”.
“Ehunka militanteen ekarpena, eskuz esku borroka sozialetan ari direnekin, eskuz esku emakumeen eskubideen alde, eskuz esku erabakitzeko eskubidearen alde, eskuz esku preso eta iheslari politikoak etxeratzeko indarrak batuz, eta datorren ikasturtean ere, EH Bilduren baitan, eskuz esku hauteskunde erronka ezberdinetan. Finean, milaka militanteen ekarpena Euskal Herriaren burujabetzaren alde, etorkizun hobe baten alde”, esan du.
SORTUK dei egiten die Sortzaileei Konferentzia Politikoan parte har dezaten. Horretarako izen-ematea zabalik dago irailaren 26ra bitartean.
Eskertza, Ronnie Kasrilsi
Horrekin batera, urte luzetan nazioartean lagundu diguten lagunei omenaldia eta eskertza egiteko baliatzen du SORTUk Konferentzia. Iaz Pat Rice irlandarra eta Verena Graft suizarrak omendu zituen, urteetan Euskal Herriari eta ezker abertzaleari laguntzeagatik.
Aurten, berriz, Ronnie Kasrils hego afrikarrari eskainiko dio sortuk omenaldia. Zergatik Ronnie Kasrils? Ronnie Kasrils, hego afrikarra bera, bere bizitzaren hasieran gidoi-idazle gisa aritu bazen ere, 1960. urtean Sharpevilleko sarraskiaren ondotik ekintzaile politikoa bilakatu zen.
Urte gogor horietan ANCko, Afrikako Kongresu Nazionaleko, kide bilakatu zen, eta handik gutxira SACP Hego Afrikako Alderdi Komunistako kide izan zen. Apartheidearen gobernuak publikoki hitz egitea debekatu zion 1962an, eta Umkhonto we Sizwe, ANC beso armatuaren sortzaileetako bat izan zen 1963 urtean.
1964. urtean Sobietar Batasunean ibili zen, Odessan, trebakuntza militar eta politikoa jasotzen. Haren hitzetan “naziak Leningrado eta Stalingradotik kanporatu zituzten” pertsona berberek formatzeko aukera izan zuen.
1965. urtetik aurrera urte luzeak eman zituen ANC eta SACPrentzat lanean munduan zehar, Londonen bereziki, baina baita, Luanda, Maputo, Swazilandian, Botswana, Lusaka eta Hararen ere. 1983. urtean MKren Informazio komandante izendatu zuten, 1985-1989 artean ANCren Kontseilu Politiko-Militarreko kide izan zen eta hortik eta 1994era arte hainbat ardura izan zituen ANCn.
1994eko hauteskundeen aurretik Trantsizio Kontseiluko Defentsa azpitaldeko kide izan zen eta hauteskunden ostean Defentsa Ministro-orde izendatu zuten, 1999an Ur eta Baso ministro izendatu zuten, eta 2004etik 2008ra Inteligentzia Zerbitzuen Ministro izan zen.
Gorka Elejabarrieta SORTUko Nazioarteko arduradunaren arabera, “gurean ETA erakundearen armagabetzean parte hartu duen Egiaztatze Batzordeko kide gisa egindako lanak egin du ezagunago, baina aurretik ere Euskal Herriarekin eta bereziki ezker abertzalearekin harreman ugari izan ditu”.
“Horregaitik guztiagatik Sortuk aurtengo Konferentzia politikoa Ronnie omendu nahi du. Gurekin, Iruñean izango dugu Ronnie larunbatean”, adierazi du Elejabarrietak.
