ALBISTEAK

Sortzaile prozesua martxan da bizi-bizi eta horren erakusle, jarraian agertuko ditugun lehen batzarrei dagozkien datuak ditugu. Eta martxan dagoenez, gure aukera sortze bidean, bigarren batzarrak ere laister egingo ditugu gure herri eta auzoetan. Bigarren batzar horietan landuko den 2. ponentziaren laburpen bat ere egin dugu gaurko agerraldian.

Lehen batzarretako parte hartze datuak:

  • Oinarri Ideologikoen inguruko lehen batzarra 240 herrietan burutu da.
  • 208 herrietako datuak bildu ditugu oraingoz, hauek lirateke:
  • 5.044 lagunek hartu dute parte 208 batzar horietan. Guztira, falta diren herriak kontuan izanda, 5.500 lagun inguruko parte hartzea aurreikusten da lehen batzarretan.
  • 3.265 gizonezkoak eta 1.779 emakumezkoak.
  • Parte-hartzaileen %53,5a 35 urtetik beherakoa da, 2.700 Lagun hain zuzen.
  • Parte-hartze handiko batzarrak izan dira, eta hainbat herrietan, bigarren saio bat burutu behar izan dute.
  • Ekarpen asko bildu dira:

400 emendakin alternatibo inguru bildu dira.

500 testu hobekuntza inguru jaso dira.

Bigarren batzarrei ekiteko prest dugu guztia, hemen topa dezakezue bertan eztabaidatuko den bigarren ponentzia ere.

Datorren abenduaren 15ean, Sortu-ren eratze prozesuaren bigarren batzarrak burutuko dira, Sortu-k garatuko duen Ildo Politikoaren inguruko eztabaidak.

Honakoak dira, batzar horietan parte hartuko duten lagunek landu eta eztabaidatuko dituzten eduki eta ideia nagusiak:

Lehenik eta behin, ezinbestekoa zaigu SORTUren ildo politikoaren elementu nagusiak zehaztea, SORTUk haietan oinarrituta jarraituko baitu hasitako bidetik eta beraiek izango baitira gure proiektu independentista, sozialista, feminista eta euskaldunean jasotako helburuak erdiesteko bidean gure borroka politikoaren egokitasuna ziurtatzeko bermea eta euskarria.

Horrela bada, honakoak lirateke elementu nagusi horiek:
• Estrategia politikoa
• Taktika politikoa
• Konfrontazio Demokratikoaren fasea
• Gatazkaren Konponbidea
• Nazio eta Jendarte Eraikuntza

1. Estrategia politikoa

• Proiektu politiko oro helburu zehatz batzuen baitan kokatzen da, baina, aldi berean, helburu horiek lortzeko borroka aurrera eramateko espiritua, metodoa, tresnak, ekintzak eta gidaritza behar ditu. Faktore horiek guztiak dira estrategia politikoa definitu eta osatzen dutenak.

• Gure kasuan, Ezker Abertzaleak askapen nazionala eta eraldaketa soziala ditu helburu, eta horretarako izaera sozialistako Estatu independentea eraiki nahi du.

• Borroka horretan, Euskal Langile Herria da subjektu iraultzailea, hau da, independnetzia eta sozialismoa nahi duten emakume zein gizonak, izan langileak, langabeak, pentsionistak, autonomoak, gazteak...

• Zutik Euskal Herria ebazpenaren ildotik, konfrontazio demokratiko eta politikoaren bidezko borrokan oinarritutako estrategia garatuko du Sortuk, bi ardatzen baitan:

• Aldebakartasuna

• Konfrontazio demokratikoa. Honen parte direlarik: desobedientzia zibila, nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala.

2. Taktika politikoa

• Estrategia politiko guzti hori garatzea ahalbidetzen duen elementu dinamikoari Taktika Politikoa esaten zaio. SORTUren kasuan, estrategikoa den Euskal Herri independiente, sozialista, euskalduna eta feminista lortzeko bidean eman diren aurrerapen sozial, politiko eta instituzionalak egitea ahalbidetuko duten etapak dira.

• Hauek dira eman beharreko urrats eta zeregin mailakatuak:

• Aliantza politikoa eta indar metaketa erraztea

• Eskubide nazional eta sozialen gutxieneko oinarrien gainean baldintza objektibo eta subjektiboak sortzea

• Egituratze politiko, sozial eta sindikala sustatzea

• Partaidetza sustatzea

• Herri kontraboterea egituratzeko ekimen instituzional eta programak bultzatzea

• Barne eztabaida eta autokritika

3. Konfrontazio demokratikoa

• Lehen esan dugun bezala, Konfrontazio demokratikoan oinarritutako fasean gaude eta Iraultza Demokratiko Nazionalaren fasea izena eman diogu.

• Iraultza Demokratiko Nazionala, iraultzailea izango da, egungo klase eta herri gisara ditugun menpekotasunezko harremanak errotik iraultzea helburu duelako; demokratikoa da, bide soilik politiko eta demokratikoetatik egingo dugulako; eta, nazionala da, Euskal Herri osoan garatuko dugulako.

4. Gatazkaren konponbidea

• Ezker Abertzaleak gatazka elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordio politikoaren bidez konpontzeko eskaintza egin du beti, konponbide demokratikoaren subjektua eta hartzailea
euskal herritarrak izan behar direla aldarrikatuz, eta eskaintza horri eusten dio.

• Lehen esan bezala, azken urteotan gatazka gainditzera bideratutako aldebakarreko urratsak egin eta hainbat ekimen bultzatu ditu.

• Prozesu demokratiko baten parametroetan gatazka politikoaren konponbideari ekiteko gakoak elkarren osagarri diren bi etapatan banatzen dira: Normalizazio Politikoa eta Irtenbide Demokratikoak.

• Normalizazio politikoa: Bake eta normalizazio politikorako prozesua abiatu behar da. Prozesu horretan, inolako bortizkeria politikorik gabe, konponbideak aztertu, landu eta eskaini beharko dira gatazkaren ondorio guztietarako.

• Irtenbide demokratikoak: Elkarrizketan oinarritutako agertoki demokratikoa eraiki behar da, irtenbide politiko eta demokratikoen inguruko akordio barneratzailearen bila.

5. Nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala

• Nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala herri jardunbideak dira, herritarren parte-hartzearen bidez garatu behar den konfrontazio demokratikoaren parte bat. Prozesu politikoan herriak izan behar du protagonismoa; horixe da arrakastaren giltza eta berme bakarra.

• SORTU eta nazio eraikuntza zein eraldaketa sozialaren ezaugarriak Sortu-ren jardunbide politikoan: Ezkerretik Eraikiz

• SORTUk bere helburu politiko, ekonomiko, sozial, kultural, instituzional eta ingurumenaren arlokoen arabera nazio eraikuntzaren eta eraldaketa sozialaren eremuan garatuko duen jardunbide politikoari Ezkerretik Eraikiz esaten diogu.

• Ezkerretik Eraikiz dinamikak Euskal Herri osoa hartzen du kontuan (lurraldetasuna), nazio egituraketan eta instituzionalizazioan aurrera egiten laguntzen du, gatazkaren izaera politikoa agerian uzten du, Euskal Herriaren eskubideen urraketa azaleratzen du, Euskal Herriaren hizkuntza nazionala berrezartzeko estrategia eta eraldaketa soziala lortzeko estrategia irizpide ditu, herriaren parte-hartzean oinarritua egongo da, printzipio eta balio feministak kontuan izango ditu, aniztasunaren errespetutik bideratuko da eta ikuspegi ekologistatik gauzatuko da.

• Beraz, Ezkerretik Eraikiz SORTUren estrategia politikoaren ardatza da.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.