Lehenengoz eta behin, itxaronaldi luze baten ondoren beste indar politiko batzuk gure etxean hartzeagatik gure poza adierazi nahi dugu. Zentzu horretan gaurko bilkura egoera politikoa normalizatzearen adierazle izatea nahiko genuke, zoritxarrez oraindik baikorra izateko arrazoi gutxiegi badugu ere.
EAJko ordezkariei gure egoitzara etortzeagatik gure esker ona adierazi nahi diegu, gaurko bilera gure harreman politikoak formalizatzeko baliagarria izan da.
Gaurko bilkuran EAJk eta Sortuk egoera politikoaren diagnostikoaren inguruan hartu-eman emankorra izan dugu. Guk espainiar Estatuan PPk eta PSOEk bigarren trantsizio bati hasiera eman diotela eta Euskal Herriari dagokionez, trantsizio horren oinarriak aurrekoari eusten diola esan diegu. EAJko ordezkariei esan diegu PP eta PSOE Estatu Ituna prestatzen ari direla eta Euskal Herriaren eta Kataluniaren erabakitze eskubideari atea behin betiko itxi nahi dion Estatu Ituna izango dela. Hala, espainiar estatuaren eskaintza Euskal Herriarentzat bere nazio izaera ukatuz segitzea eta inposaketaz inposaketa gero eta zentralismo handiagoa ezartzea izango da.
Espainiar estatuak ez du Euskal Herriarentzat eskaintza demokratiorik, aurrerantzean ere ez du izango. Beraz, euskal herritarrek nekez ulertuko lukete indar politiko abertzaleen artean ados ez jartzea Herri gisa dugun erronkari irtenbidea emateko. Egoeraren larritasunak ematen du neurriaren tamaina eta ardura politikoetan gaudenok neurri bera emateko garaia da. Euskal herritarrek hala eskatzen digutelako.
Euskal Herrian eta Katalunian gero eta herritar gehiago argiki antzematen ari garen panorama horren aurrean, SORTUk uste du -EAJk horretarako borondate eta prestutasuna baldin baditu- gure bi indar politikoen arteko elkarlanerako garaia dela. Gatazka politikoari konponbide osoa emateko ibilbidea adosteko eta elkarrekin egiten hasteko prest dago SORTU.
