ALBISTEAK

Rajoy eta Rubalcabaren arteko esperpento mediatiko bat ikusi berri dugu. Elkarren arteko tirabira eszenifikazio hutsal bat antzeztu digute. Antzerki horrek soilik erakusten digu Rajoy eta Rubalcaba sistema beraren bi bertsio baino ez direla, eta ez langile ezta euskaldun gisa ez gaituztela nahi.

Beste behin, iritzi publikoaren aurrean estatu ustela ageri izan da. Ustelkeria ez da sistemaren akats bat, sistema beraren parte da. Sistema politikoa, non interes finantzieroek alderdi handiak eskupekoen bidez erosten dituzten lan publikoak lortzearen truke. Eta eskupeko horiek guztiak gure poltsikoetatik ordaintzen dira, diru publikoarekin, gastu sozialen kalterako.

Estatuaren birzentralizazioa, hezkuntza sistemaren inposaketa, are gehiago hizkuntzen erabilera arautzeraino, hori guztia da Espainiak eskaintzen diguna, inposatzen diguna. Ustela den sistema politikoa, non inposaketa bere izatean txertatua dagoen eta politika sozialak bazterrean uzten dituen, hori guztia da Espainia marka.

Euskaldunok ez dugu tokirik estatu espainiarrean. Beraz, alde egiteko tenorean gaude, ustelkeria eta krisi ekonomikoak beraiekin hondora ez gaitzan. Beste batzuk eman dituzte urratsak norabide horretan; eskoziarrak datorren urtean badute hitzordu garrantzitsu bat independiente izango diren erabakitzeko, katalanak bide beretik doaz. EAJri norabide horretan lan egin dezala dei egiten diogu, erabakitze eskubidea oinarrizko zoru demokratiko gisa nazio aske bat eraikitzeko.

EAJk euskal jendarteak bere etorkizuna libreki erabaki dezan lan egiten badu, ezker abertzalearekin konta dezake: baina adi, bazterketarik gabe, euskaldun guztiok izan behar gara ariketa horretako sujetoak eta helburua ezin du inolaz Madril-ekiko harreman modu berriak bilatzea, helburua ezin du Espainian jarraitu ahal izateko formula berriak bilatzea izan, espainiar estatutik aldegiteko baino, euskaldunok gure etorkizuna Estatu libre burujabe gisa eraiki ahal izateko. Hori da apustua eta ez besterik.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.