Larunbat honetan, hilak 26, Sortzaile prozesuaren hirugarren batzarrak burutuko dira, Antolaketa Ereduari dagokion eztabaidarekin.
Era berean, Ildo Politikoaren txostenari egindako emendakinak bozkatuko dira batzar horietan. Ildo Politikoaren txostena 280 puntuz osatua dago eta horietako 58k jaso dituzte emendakinak. Orotara, 934 izan dira jaso diren emendakin alternatiboak eta bozketari begira, 58 punturi egindako 86 emendakin alternatibotan barnebildu dira.
Emendakin asko hobekuntzako emendakin bezala onartuak izan dira, eta hauek 19 hobekuntza emendakinetan barnebildu dira.
Atalka, Ildo Politikoari sarrerako 18 puntuk jaso dituzte emendakinak, Abagune Politikoari dagozkion 21 puntuk eta Ildo Politikoaren 19 puntuk.
Ildo politikoaren txostenaren azaldu diren eztabaida nagusiak bi mailatakoak izan dira.
Lehenak, abagunearen azterketaren inguruan eman direnak dira eta, bereziki, nazioarteko egoeraren inguruan kokatutakoak. Horien artean, azpimarratzekoak izan dira, alde batetik, "Udaberri arabiarra" izenez ezagutu diren gertakarien balorazio politikoaren ingurukoak eta, bestetik, Ert eta Hego Amerikan ezkerreko proiektuen balorazioaren ingurukoak. Azkenik, Europar Batasunaren balizko bilakaeraren inguruko ekarpenak ere azpimarratzekoak dira.
Bigarren multzokoak, zuzenean Ildo Politikoari dagozkionak izan dira. Multzo horretan, nagusia izan dira, inolako zalantzarik gabe, Eraikuntza Nazionalak eta Eraldaketa sozialak SORTUk etorkizunean garatuko duen Ildo Politikoan izan behar duten zentralitate politikoaren ingurukoak. Beste eztabaida nagusiak hiru atalen inguruan eman dira. Lehenik eta behin, SORTUk garatuko duen Aliantza Politikoaren garapenaren eta ondorioen ingurukoa. Bestetik, euskal preso eta iheslarien inguruan SORTUk garatu beharreko politikaz eta SORTUk amnistia nola ulertzen duen ingurukoak. Eta, azkenik, independentzia eta sozialismoaren bidea, Euskal Langile Herriak duen betekizunaz eta osaketaz.
Gai hauen inguruan aurkeztu diren emendakinen bilduma eta, azkenean, bozketara pasako direnen multzoa, webgunean eskegita daude.
