1975eko irailaren 27an, Francoren gobernuak Juan Paredes Manot, Txiki, eta Angel Otaegi Euskadi Ta Askatasuna erakundeko militanteak eta FRAP erakundeko bost kide hil zituen.
Harrez geroztik, irailaren 27a data seinalatua dugu Euskal Herrian.
Hogeita hamazortzi urteetan frantziar eta espainiar Estatuek Euskal Herriaren eta askatasunaren alde borroka egin duten herri sektoreen eta pertsona guztien aurkako errepresioa ezkutatu eta zuritu duten bezala, gure sufrimendua ere isilarazi dute. Sufrimendu bakarra, indarkeria bakarra. Hori izan da hamarkadetan inposatu nahi izan duten mezu ofiziala, gatazka politikoa bera ukatzeko asmoz. Hogeita hamazortzi urteotan baliabide guztiak beraien eskura izan dituzte, baita Euskal Herrian bertan botere zati txiki baten truke Estatuekiko menpekotasun harremana onartzeko prest izan direnen morrontza ere. Baina ez dute lortu. Kantauriko hegian, Pirinioen bi aldetan, Aturritik Ebrora, oraindik badagoelako bere buruaren jabe izan nahi duen Herri bat. Euskal Herriak oraindik bizirik dirau. Ez gaituzte Herri gisa asimilatu, haiek guztiak borroka egin zutelako. Argi eta garbi dugu haiek gabe gu ez geundekeela hemen.
Azken urteetan Ezker Abertzalearen estrategia aldaketak nazio askapen prozesua aurrera eramateko baldintza berriak sortu ditu, Euskal Herrian bertan eta nazioartean ate eta leiho berriak irekiz. Duela ia bi urte Euskadi Ta Askatasunak bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki zuen. Urteetan zehar aldatu ez den gauza bakarra, espainiar eta frantziar Estatuen jarrera izan da. Espainiar eta frantziar estatuek Francoren garaian bezala Euskal Herriari eskaintza bakarra egiten jarraitzen dute: ukazioa eta errepresioa. Gaur egun, duela bi urte, azken hogeita hamazortzi urteetan, aspaldian bezala, espainiar eta frantziar estatuek Euskal Herria nazio gisa ukatzen eta, ondorioz, euskal herritarron oinarrizko eskubideak urratzen jarraitzen dute. Estatuen jarrera antidemokratikoak berak erakusten du gatazka politikoaren muina.
Gu gara gure erabakien jabe. Herri gisa ukatzen eta zapaltzen gaituzten Estatuekiko menpekotasun harreman oro desagertu arte borrokan jarraitzea erabaki dugu. Guk gure estrategiak eta gure borroka-moldeak erabakitzen ditugu, baina ez ditugu zapaltzen gaituzten Estatuei begira erabakitzen, gure Herriari begira baizik. Nazio askapen prozesua bururaino eramateko Euskal Herriko herritar gehiengoarekin batera egin behar dugulako edo bestela ez da egingo. Horretan gaude eta horretan jarraituko dugu. Azken hogeita hamazortzi urteetan bezala, aspaldian bezala, borrokan galdutako lagun guztiak gogoan, Euskal Herria askatu arte antolakuntza eta borrokan jardungo dugu. Gure ondoren etorriko direnek esan dezaten haiek gabe gu ez ginatekeela Euskal Herri askean bizi izango.
