ALBISTEAK

"Zutik Euskal Herria" eztabaidaren oinarri nagusienetariko bat, Euskal Herrian zabaltzen zen garai berrietarako ezinbestean estrategia politiko berria behar genuela baieztatzea izan zen eta, nola ez, estrategia berria bideratzeko tresna politiko eta funtzionamendu berriak behar genituela. Eta horretan datza azken hiru hilabeteotan SORTUren Eratze Prozesuan garatu dugun eztabaida prozesuaren muina, denbora berrietarako, tresna eta funtzionamendu berriak finkatzea.

Lehen lana, tresna berri horren, SORTUren, perfil politiko berria zehazteko Oinarri Ideologikoen inguruko eztabaida egitea izan zen. Joan den azaroan SORTUren perfil politikoa eztabaidatu genuen eta dagoeneko emendakinak bozkatuta eta gaia itxita dugu. Emaitza sortu.net orrian ikus daiteke. Abenduan, bigarren lanari eutsi genion, hau da, Ildo Politiko berria finkatzeko eztabaidari. Bertan, konfrontazio demokratikoa, indar metaketa, aliantza politika, desobedientzia zibila, intsumisoa, herrigintza, nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala edota gatazkaren konponbidea nola ulertu eta bideratu nahi ditugun zehazteko unea izan da. Gai hauen inguruko eztabaidak eginak daude eta proposaturiko emendakinak dagoeneko sortu.net orrian eskegita daude. Orain hauen bozketa baino ez da geratzen.

Antolaketa Ereduari dagokiona Sortzaile prozesuaren hirugarren eta azken eztabaida izango da. Datorren otsailaren 16an Sortu-n ardurak izango dituzten kideak hautatzeko barne hauteskundeak burutuko dira eta otsailaren 23an, Sortu-ren lehen kongresua ospatuko da.

Prozesuaren azken txanpa honetan, Sortzaile prozesuaren balorazio positiboa egiten dugu.
• 6.000 lagun inguruk hartu dute parte burutu diren 240 herri batzarretan.
• Parte hartzaileen erdia baino gehiago 35 urtetik beherako lagunak izan dira.
• Eztabaida oso mamitsuak eta biziak izan dira. Horren lekuko, Oinarri Ideologikoen txostenak jasoriko 400 emendakinak eta Ildo Politikoaren txostenak jasoriko 900 emendakinak.

Oinarri Ideologiko berriak eta Ildo Politiko berria finkatu ondoren, hirugarren eta azken eztabaidari ekingo diogu bihar bertan, hau da, Antolaketa eta funtzionamendu berriari. Bi hitzetan esanda, ideia eta bide berriak finkatu ondoren, gure lana antolatzeko eta lan hori egiteko proposamen berriaren eztabaidari eutsiko diogu, otsailean guzti hau bideratzeko arduradunak barne hautaketa prozesuaren bidez izendatu aurretik.

Izan ere, konbentzituta gaude Euskal Herriak bizi duen fase politiko berri honetan sortu den abagunea kontutan izanik, hau da, krisialdi ekonomiko bortitzak Euskal Herrian eragindako kalte sozio politikoen argitan eta, bestetik, Estatu espainolak bizi duen krisialdi orokorraren baitan, gatazka politikoaren konponbidean, marko demokratikoaren osaketan eta independentzia zein sozialismorako bidean urrats garrantzitsuak eman ditzakegula, beti ere baldin eta politika egiteko gure modua, antolaketa eredua eta funtzionamendua behar den bezala berritzen baditugu. Horretan datza oraingo erronka.

Ildo horretan, gure egiturak zabaltzearen aldeko apustu argia egin dugu, euskal gizartearen baitan dauden borroka sozio politiko erreal nagusietan murgilduta dauden Ezker Abertzaleko militanteen presentzia zuzena gure zuzendaritza organoetan bermatuz, besteak beste, gazte borrokaren, langile borrokaren, eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokaren edota euskal presoen aldeko borrokaren presentzia bertan ziurtatuz.

Bestetik, borroka sozio politiko erreal horien inguruan gure politika alternatiboa lantzeko, egin dezakegun Borroka Instituzionalaz gain, Masa Borrokari eta Borroka Ideologikoari garrantzia berezia emango diegu, besteak beste, Ezkerretik Eraikiz izeneko egitasmoari zentralitate politiko handiagoa emanez. Hau da, gure nazio eraikuntza eta eraldaketarako politika indartuz gai sozial eta ekonomikoen inguruan, euskara eta hezkuntza alorrean, garraio eta energia politika alorrean, politika fiskalean, lurralde antolaketan, enplegu politikan, desjabetzeen aurrean, ingurumenean... aurrera egingo dugulakoan gaude.

Eta hori guztia bideratzeko, gaur arte ez bezala, eskualdeei lehentasuna emango diegu, eskualde politika baita gai hauen alternatiba bideragarria proposatzeko markorik egokiena, gure bizitza gero eta gehiago eskualde mailan egituratzen baita maila guztietan. Horretarako Kontseilu Nazionala eta Hego Euskal Herriko eskualde guztien arteko lotura zuzena bermatuko funtzionamenduan oinarrituko gara.

Azkenik, garrantzia berezia eman nahi diogu gure barne bizitza organizatiboa berritzeari, horretan baitatza parte hartze aktiboaren oinarria. Horretarako, gure oinarri militante eta sozialari begirako barne komunikazio politika oso bat garatuko dugu. Eginkizun horretan funtsezko bete beharra izango du SORTUren Sareak, bere helburua Ezker Abertzaleko kide guztien saretzea baita, zein nahi delarik bere borroka esparrua edota militatzeko herri erakundea. Denok lotuko gaituen zilbor-heste erraldoia osatzera goaz, denon parte hartzea, barne kontsultak, barne erabakiak, barne hautaketa prozesua eta dinamizazioa zein formakuntza politikoa indartzeko

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.