Oinarri Ideologiko berriak eta Ildo Politiko berria finkatu ondoren, hirugarren eta azken eztabaida burutzen ari gara gaurkoan. Antolaketa Eredua eta funtzionamendu berriaz ari dira eztabaidatzen milaka lagun Hego Euskal Herriko ehunka herri eta auzotan. Gaurkoa Sortzaile prozesuko hirugarren eta azken eztabaida da.
Gure erronka antolaketa eredua eta funtzionamendua berritzea da, eraikuntza nazional eta eraldaketa sozialean aurrera egin ahal izateko.
Ildo horretan, gure egiturak zabaltzearen aldeko apustu argia egin dugu, euskal gizartearen baitan dauden borroka sozio politiko erreal nagusietan murgilduta dauden Ezker Abertzaleko militanteen presentzia zuzena bermatu nahi dugu.
Bestetik, borroka sozio politiko erreal horien inguruan gure politika alternatiboa lantzeko, egin dezakegun Borroka Instituzionalaz gain, Masa Borrokari eta Borroka Ideologikoari garrantzia berezia emango diegu, besteak beste, Ezkerretik Eraikiz izeneko egitasmoari zentralitate politiko handiagoa emanez.
Hori guztia bideratzeko, eskualdeei lehentasuna emango diegu, gure bizitza gero eta gehiago eskualde mailan egituratzen baita maila guztietan. Horretarako Kontseilu Nazionala eta Hego Euskal Herriko eskualde guztien arteko lotura zuzena bermatuko funtzionamenduan oinarrituko gara.
Era berean, herri eta auzo guztiak ordezkatuak egongo diren Batzar Nazionalak indartu eta gune erabakitzaile bihurtuko ditugu, maiztasun handiagoz burutuko direlarik.
Azkenik, datorren otsailaren 16an Sortun ardurak izango dituzten kideak hautatzeko barne hauteskundeak burutuko direla eta otsailaren 23an, Sortu-ren lehen kongresua ospatuko dela. Sorturen lehen kongresua, kongresu eratzailea, Iruñeko Baluartean burutuko dugu.
