ALBISTEAK

Urriaren 3an Gasteizko Legebiltzarrean PPko ordezkari Borja Semper jauna eta ni neu protagonista izan gintuen gertakariak sortutako harrabots mediatikoaren aurrean zenbait kontu adierazi nahi dut. Lehenengoz eta behin, pertsonalki Borja Semper jaunaren aurka ezer ez dut eta, berarengana Alderdi Popularraren ordezkari politikoa izateagatik zuzendu nintzela argitu nahi dut. Bigarrenez, Legebiltzarrarekiko zor zaion begirunerik gabe jokatu izanagatik, niri dagokidan ardura osoa nire gain hartzeko prest nagoela baieztatzen dut. Hirugarrenez, egunotan aditu ditugun ikastetxeko patioko eztabaida oro, ea nork iraintzen duen nor, ea zer den iraina eta zer ez den parlamentu baten baitan, alde batera utzi nahi ditut, gertakari xume haren atzean zegoen mami politikoa azaleratzen saiatzeko asmoz. Hala eta guztiz ere, nire uste apalean, zenbait kontu aditzera behartzen gaituztenean Legebiltzarrarekiko zor zaion begirunea beste toki batean gelditzen da, azken batean, urriaren 3an legebiltzarkide eta hedabide guztien aurrean Semper jaunak PPren izenean "ETAk ez du armak uztea erabaki, baizik eta era militar batez garaitu egin dugu, halaber, orain Zuzenbide estatuak ETAren ideiak (EH Bilduren esertokiak erakutsiz) garaituko ditu." Aste horretan bertan Guardia Zibilak euskal presoen giza eskubideen aldeko 18 kide atxilo hartu eta epaile espainiar batek Herriraren jarduera bi urtez bertan behera uztea erabaki duenean, EH Bilduko legebiltzarkideoi Semper jaunak eta PPko kideek bilatzen duten garaipena zein nolakoa den argi eta garbi agertu zitzaigun. Hautestontzietan irabazten ez dutena, herritarren atxikimendu librearen bidez, poliziek eta epaileek ematea nahi dute, arerio politikoa atxilotuz eta legez kanpo utziz. Horixe jarrera faxista eta totalitarioa da, hemen eta han, herriko plazan eta Legebiltzarrean.

Alderdi Popularreko ordezkariek, auzi honetan PSOEko kideen ohiko babesarekin, demokraziari bizkarra emateko jarreran berresten dira, adierazpen totalitarioak gero eta gehiago nabarmenduz. PPk eta PSOEk Espainiako Kongresuan estaturik gabeko nazioei dagokien erabakitze eskubidearen aurrean adierazitako jarrera berez esanguratsua da oso. Auzi honetan badago egiazko Estatu Ituna eta Itun horrek ez du agenda demokratikorik Euskal Herriarentzat. Espainiar Estatuak ez du Euskal Herriaren eta Kataluniar Herrialdeen eskaerei erantzuteko bide demokratikorik, ezta horretarako borondaterik ere. Ez PPk ez PSOEk ez digute euskal herritarroi gure etorkizuna Herri gisa libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubiderik aitortzen, hori bai jarrera baztertzaile eta ez-demokratikoa! PPko eta PSOEko jaun-andreok, demokrazia, zorionez, noizean behin boza eman ahal izatea baino askoz gehiago da. Demokrazia batez ere pertsona guztien eskubide guztiak -norbanakakoak eta kolektiboak- errespetatzea baita.

Euskal Herrian sortu den agertoki politiko berrian, ETAk bere jarduera armatua amaitzeko erabaki historikoa hartu zuenetik ia bi urte igaro direnean, Herriraren aurkako operazioa politikoki babestu dutenek egoera politikoa atzera egitea nahiko lukete. Noski, ez dute lortuko, Euskal Herriko herritar gehiengoak bake osoa eta egiazko elkarbizitza demokratikoa bilatzen dituen bidean atzera egiterik ez dagoela irmoki erabaki baitu. Hala ere, ez dezatela une batez ere pentsa oraindik gertatzen den eskubide urraketa bakoitzaren aurrean isilik geldituko garenik, ez kalean, ezta Legebiltzarrean ere. Ezker Abertzaleak Euskal Herriarentzako bake eta demokrazia agertokiaren alde lanean jarraituko du. Agertoki horretan ez dago ezein indarkeriarako tokirik, ezta ezein inposaketarako ere. Proiektu politiko guztiak, baita independentziaren aldekoa ere, baldintza berdinetan eztabaidatzeko, erabakitzeko eta gauzatzeko agertokiaren alde lanean jarraituko dugu.

Hasier Arraiz,
Sortu-ren Kontseilu Nazionaleko koordinatzailea eta EH Bilduren legebiltzarkidea Gasteizen.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.