ALBISTEAK

Aurreko larunbatean, Sortzaile prozesuan parte hartzen ari garen dozenaka lagunok Sortu-k garatu beharreko komunikazio ereduaz eztabaidatzeko batzarra burutu genuen Andoainen.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herri ezberdinetako 80 lagun inguruk, komunikazio politikoa errotik berritzeko premiaz eztabaidatu zuten, eta norabide horretan Sortu-k burutu beharreko hausnarketa eta lanaz.

Lehenik eta behin, parte hartzaile guztiak plenarioan bildu ginen, Sortzaile prozesuko Komunikazio ponentziak jasotzen dituen edukien berri izateko. Osoko bilkuran Sorturen barne eta kanpo komunikazioaz eta horiek garatzeko tresnaz; komunikazioaren antolaketa, plangintza eta parte-hartzeaz; sare sozialek eta internetek jokatu beharreko paperaz; diskurtsoaren berritzeaz eta herritarrak erakartzeko marka eraginkorraz aritu ginen.

Osoko bilkuraren ostean, lan-taldeetan bildu ginen, aipaturiko gai horien inguruan luze eta sakon eztabaidatzeko. Lan-taldeetan ateratako zalantza edo kezka nagusiei erantzuteko osoko bilkuran bildu ginen berriro, batzarra amaitu aurretik.

Larunbateko batzarra aurrerantzean burutu beharreko lanaren abiapuntua izango da. Horrela, segida emateko asmoa du Sortuk, formakuntza indartzeko apustua eginez eta komunikazio politika berritzeko eta eraginkortzeko bitartekoak ezarriz.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.