ALBISTEAK

Lehenik eta behin, Kataluniako Principatean 2014ko azaroaren 9an burutuko den herri galdeketa tatxarik gabeko ariketa demokratiko eredugarria dela adierazi nahi du Sortuk.
Azpimarratzekoa da Kataluniako herritarrek izan direla hasieratik prozesu honen protagonista. Horrela erakutsi du kataluniar jendarteak hamarna herri eta hirietan buruturiko herri galdeketetan bai eta mobilizazio erraldoien bidez.

Horrela bada, herritarrak motor dituen prozesu honetan ostegunean emaniko urratsaren garrantzia azpimarratu nahi du Sortuk, bai eta herritarren borondateari bide emateko indar politiko ezberdinek harturiko konpromisoa nabarmendu.

Espainiatik jasotako erantzuna, kontsulta debekatu, mehatxatu eta ezinezkoa dela argudiatzea izan da: ez daukate eskaintza demokratikorik, indarrez eta itxikeriaz blokeatu nahi dute zabaldu den prozesua. PP eta PSOE alderdiak, Rajoyk eta Rubalcabak, Espainiaren liburu beltzaren kapitulu berri bat bat osatu, paradoxikoki espainiarrengandik datorkien mespretxuarekin gogaitu dauden Kataluniako herritar oldeari askatasunaren bidean aurrera egiteko grina piztuz.

Horrela laburbildu genezake testuingurua: Demokrazia vs ukazioa. Herritarren borondate askearen errespetua aldarrikatzen dugunok alde batetik eta herritarren hitzaren ukazioaren bidez proiektu espainiarra inposatzen dutenak bestetik. Demokratak eta ukatzaileak.

Independentzia prozesuan murgilduta daude gure bi herriak, bakoitza bere errealitate eta ezaugarriekin. Errealitate ezberdinak dira, inondik ere, Katalunia eta Euskal Herrikoak eta batean egiten ari diren urratsak ezin dira bestean mimetikoki aplikatu. Akats izugarria litzateke. Bi herriek ordea, zer dute komunean? Erabakitzeko eskubidea eskuratzeko prozesuetan murgilduta daude. Bakoitzak bere bidea osatu behar du, via catalana beraiek, euskal bidea guk, herri aske gisa topo egin arte.

Konpromiso historikoa dugu, herri honetako kultura politiko guztiek (ez soilik alderdi politikoek) partekatu beharrekoa, gatazkaren korapilo historikoa behin betikoz askatzeko. Zein? Euskal Herria nazio bat da eta euskal herritarrei dagokie libre eta demokratikoki bere etorkizuna erabakitzea, inongo kanpo muga eta injerentziarik gabe. Erabakitzeko eskubidearen inguruko akordio zabala erdietsi behar dugu gure herrian.

Sortuk gogotsu dago ariketa hori gainerako eragileekin eskutik helduta egiteko, gatazkaren konponbide osoa nahi dugulako eta gure proiektu politikoa egingarri izan dadin -Sortuk Euskal Herriaren askatasun osoa du helmuga-, ezinbesteko baldintza demokratikoa delako. Egungo marko ukatzaileak ate guztiak isten dizkio independentziari eta Euskal Herria asimilazio hutsera kondenatzen du. Ezin diogu egungo eta etorkizuneko belaunaldiei ondare hau utzi, arduragabekeria hutsa litzateke.

Beraz, erronkez jositako etorkizuna dugu gure aurrean. Askatasun haizea inoiz ez bezala antzematen da Europaren baitan, indartsu: Eskozia, Katalunia, Flandria, Korsika... olatu independentista osatzen ari da eta ezin dugu pasatzen utzi. Aurrean dugun estatuak hamarkadak daramatza herri honek egiten dizkien eskaintzei mespretxuz erantzuten eta horren aurrean, Sorturen iritziz, alternatiba bakarra geratzen zaigu: Independentzia! Endavant! Aurrera!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.