ALBISTEAK

"Pilota Parisen teilatuan dago. Urteetako borroka kapitalizatzeko unea heldu da"

Jean-François Lefort "Lof" Sortu alderdiko Iparraldeko koordinatzailea da. Joan den ekainaren 11an Parisen iragan zen Euskal Herriko Bakearen aldeko Konferentzia Humanitarioan egon zen.

 

Pariseko Konferentziaren zer nolako balantzea egiten duzu?

Arrazoi askorengatik, bake prozesuaren eraikuntzarako une oso garrantzitsua izan da. Euskal Herriak, aho batez zuzendu zaio Parisi. Max Brisson, Frédérique Espagnac eta Jean-jacques Lasserren hitzak Aieteko eta Baionako adierazpenek sortu duten elkarrizketarako espazioaren baitan kokatu behar dira. Talde horrek, Asanblada Nazionaletik, Paris eta Vallsen gobernua aho batez interpelatu du eta gatazka konpontzeko, prozesua indartzeko eta berau sinesgarria izan dadin gisa horretako adostasuna egotea ezinbestekoa da. Parisek ezin du jada historikoki izan duen jarrera mantendu eta gatazkan ardurarik ez duela esan. Aieteko eta Baionako konferentziek gatazkaren eragile nagusietan kokatu dute. Ekainaren 11an, Ipar Euskal Herrian gehiengoa osatzen duen iritzi korronteak frantses estatua zuzenean interpelatu zuen, baina baita prozesuaren alde dagoen Frantzia mailako legelariz, politikariz, artistaz eta intelektualez osaturiko iritzi korronte berri batek ere. Frantses gobernuari ez diote, prozesua dela eta, sekulan ere horrelako indarrarekin atentzioa deitu, eta ezaxolakeriaz erantzungo balu, Euskal Herriko biztanleriarentzako ulergaitza litzateke bai, baina konferentziarekin bat egin duten militante, politikari eta diputatu anitzentzat ere. Bestalde konferentzia honek, presoen egoerari eta armagabetze adostu eta planifikatuari irtenbidea aurkitzeko, aldebiko edo aldeanitzeko elkarrizketa abian jarri behar dela agerian utzi du. Problematika bera ezagutu duten hizlari guziek, izan Irlanda, Hego Afrika edo beste, aldebiko akordiotara eramanen duten aldebiko elkarrizketak martxan jartzeko garaia dela azpimarratu dute.

Esan nahi baita?

Gaur egun pilota Parisen teilatuan dago. Parisek prozesu honetan eragile konstruktibo izateko elementuak, informazioa eta medioak ditu.

Datozen Espainiako hauteskunde orokorretan PSOEk irabaziko balu, egoera desblokeatuko litzatekeela ustez duzu?

Egia da gobernu aldaketa gertatzen denean egoera ere aldatu ohi dela, baina ez dago esaterik alderdi sozialistak jarrera aldatuko duenik, ez dugu hori baieztatzeko elementu objektiborik. Ondorioz, Parisek ere bere erantzukizuna du. Paris bere engaiameduaren arduraduna da eta ezin du Madriden ez engaiatzearen atzean gorde. Itxoitea ez da aterabidea. Ezker Abertzaleak, Parisen engaiamendua ahalbidetzen duten aldebakarreko erabaki asko hartu du eta orain, Madrilek hautatuko duen bidea edozein dela ere, frantses gobernuari dagokio bere ardurak bere gain hartzea eta prozesuan sartzea. Parisek ezin du gehiago argumentu horien atzean ezkutatu, Espainiako estatuan aldaketa heldu edo ez mugitzeko ardura beri dagokio. Gainera, espainiar estatuak Euskal Herrian eta Katalunian sortzen ari diren independentziaren aldeko indar metaketari beldurra dio eta orduan, bake prozesuan urratsak emanen balitu, mugimendu horren indartzea ekarriko luke. Gaur egun konfrontazio politiko maila gorenean gaude Madrilekin ; baina ez bake prozesuari dagokion kontuan, euskal populuaren etorkizunari dagokionean baizik. Ezker Abertzaleak jorratzen duen eskemak, euskal populuarentzat independentziaren ateak irekitzea du helburu eta testuinguru hori kontuan hartuz, ez dugu pentsatu behar Madrileko gobernu zentralak bake prozesuaren kontuan amore emanen duenik. Alderantziz. Euskal Preso Politikoen kolektiboarenganako presioa eta errepresioa areagotzen ditu, presoen gaian malgutasuna erakutsiz gero, askapen mugimendu osoari hauspoa emango liokeela baitaki. Horren ondorioa presoen inguruan borroka latza dagoela da eta beste behin ere, preso horiek, Euskal Herriaren askapen borrokaren aurka ekiteko tresna dira.

Zein dira konferentzia horretan aktatuak izan diren lehentasunak?

Hizlari guziek, lehentasuna, presoen gaia dela aldarrikatu dute. Baita irmoki aldarrikatu ere. Sinn Feineko ordezkariak azpimarratu duenez, bake prozesu bat ezin liteke presoen parte hartzerik gabe burutu. Presoak, jorratu beharreko estrategian zer esan handia duten militante politikoak dira. Konferentzia honek presoak eztabaidaren muinean direla berresteko balio izan du eta guziek onartu duten kontua da. Hartara Gabi Mouescaren mintzaldia gogoratzeko modukoa izan da: batetik edukiagatik; Euskal Presoen Politikoen Kolektiboak, abian jarri beharreko presoen askapen prozesuari bere definizioa eman baitio eta prozesu horren urrats ezberdinak zein izan beharko luketen adierazi baitu; eta bestetik Gabi Mouescak, bere parte hartzearen bidez, Presoen Kolektiboaren ahotsa present izatea ahalbidetu duelako. Izan ere kolektibo horretako bi bozeramalek, Mikel Albizu eta Sole Iparragirrek, salbuespenezko ateratzeko baimen eskaera egin zuten konferentzian mintzatu ahal izateko. Ukatua izan zaie. Horregatik bermatu behar izan du Gabi Mouescak, bere ahotsaren bidez, euskal presoen presentzia konferentzian. Modu horretan, Kolektiboak eragile zuzen eta konstruktibo izateko borondatea aldarrikatu du eta era berean bake prozesuaren eragile nagusitzat jo dezatela eta hartan bere jarduera politikoa bermatu izateko neurriak hartuak izan daitezen eskatu du.

Armagabetzearen urratsa ere hor dago. Zein izan dira horrekiko atera diren ondorioak?

Aipatzen duzun hori aldebiko akordioaren ondorioa baizik ezin da izan. Gobernuek ETArekin eseri beharko dute eta armagabetze adostu, seguru eta planifikatuaz hitz egin. Orain aste batzuk Biarritzen burutu zen operazioari ematen ahal zaion erantzun onena litzateke. Estatuek, operazio horren bidez zera adierazi nahi izan dute ez dela armagabetze adosturik izanen, sinpleki indar polizial soilak ekarriko duen ETAren amore ematea baizik. Konferentziako hizlari guziek "hori ezinezkoa da!" esan dute. Ez da inon horrelakorik ikusi. Eta ez da kapazitate polizialaren kontua, baina bai, sakonekoa eta epe luzerako izanen konponbide prozesu baten kontzeptu eta berme kontua. ETArekin militarki bide polizialetik bukatuko dela pentsatzea epe motzeko ikuspegia edukitzea litzateke. Gatazka noizbait konpontzea nahi badugu, bide hori ezin du inork hartu. Epe motzeko ikuspegia da. ETAk, ohar baten bidez, bake prozesuaren aurkako ekintza zuzen gisa definitu duen operazio hori salatu du, eta zehazkiago Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen kontrolpean antolaturiko armagabetze prozesuaren aurkako ekintzatzat jo.

Orain gutxi, ehun preso ohi baino gehiagok gatazkaren konponbidea amnistia lortzearekin soilik heldu zitekeela zioen adierazpena izenpetu du. Zer deritzozu?

Ez du inork amnistiaren aldarrikapena baztertzen, ez behintzat ezker abertzaleak. Eztabaida ez datza amnistiak bere lekua duen edo ez jakitean, baina prozesu baten azken urratsa izanen da. Baionako Adierazpenean eta Bagoazen sortze dokumentuan aktatua dagoen aldarrikapena da eta Gabi Mouescak, bere agerraldian, Kolektiboaren gaurko aldarrikapen gisara aurkeztu zuen. Haatik galdera batzuk daude airean: Zein da adierazpen horren benetako asmoa? Ez du bake prozesuarekiko kritika orokorrago bat gordetzen? Kontua da: bake prozesua bai ala ez? Izan ere, izenpetzaileen artean ezker abertzaleak hartu dituen erabaki estrategikoen aurka dagoen jendea aurki genezake. Horretarako eskubidea dute eta haien ardura da. Baina, bake prozesuari dagokionez, ezin daitezke inolaz ere ezker abertzalearen baitan borroka bat eramateko tresna gisara presoak edo amnistia erabili. Bestalde presoekiko gure helburua aktatua dagoen bide orria da, "nola egin" askatze prozesu bat abian jartzeko; amnistia gatazkaren kausak eta jatorria konponduko direnean soilik iritsiko da. Gaur egun bete behar den lehen urratsa hurbilketa, elkartzea eta espetxe onurak eskura ditzaketen eta gaixorik dauden presoen askatzea lortzean datza. Presoak ateratzen hasi behar dira. Adierazpen horren atzean gogo konstruktiboa dagoela espero dugu.

Modu zabalago batean, zatiketarako arriskua dago?

Euskal Herria aho batez mintzatu denez Konferentzia oso ontzat jo da eta ez adierazpen horrekiko soilik. Erronka bat dugu aurrean, bake prozesuaren sinesgarritasuna eta ezker abertzalearen sinesgarritasuna, gure arteko batasunari eta lan esparru berean jarduteko eta aho batez mintzatzeko ahalari loturik daude. Gaur egun paraleloki burutuko litzatekeen dinamika batek bake prozesuaren interesak kaltetuko lituzkeen elementua izaten ahalko litzateke. Prozesuaren eboluzio eza justifikatzeko, honen aurka daudenen eskura legokeen tresna gisa erabilia izateko arriskua dago. Ekintza guziek ondorioak dituen prozesu batean gaude. Ez dugu tranpan erori behar.

Ondorioz?

Parisen jarrera aldaraziko duen indar harremana sortzeko irtenbidea Euskal Herriko indar metaketa dela deritzogu. Baltsan jarriak diren lan espazioengan anitz sinisten dugu, presoen eta iheslarien etxeratzeko bide orria plantan ezartzea helburu duen Bagoaz kolektiboarenak bezala adibidez. Goiz hala berant, Parise jarreraz aldatzera eramanen duen indar harremana sortu nahi badugu, elkarrekin ekiteko garaia da. Horretan sinisten dugu. Pariseko Konferentziak eta Ipar Euskal Herriko mobilizazioek, Paris interpelatzeko egoera ondua dagoela frogatu digute. Urteetako borroka kapitalizatzeko ordua da.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.