Hernaniko Kronikan egindako elkarrizketa:
Hitzaldia emango du gaur Arkaitz Rodriguezek, Sortuko bozeramaileak, 19:00etan Biterin. Independentismoaren egoeraz eta erronkez ariko da, eta berarekin hitz egin du Kronikak.
Independentismoa izango du Arkaitz Rodriguezek, gaurko hitzaldiaren muina. Egoerari eta erronkei buruz ariko da Sortuko bozeramailea, arratsaldeko 19:00etan hasita Biterin. Berarekin hitz egin du Kronikak, eta aurreratu du, «oinarri nahikoa» badagoela, sinisteko prozesu soberanista gauzatu daitekeela; eta oraingo egoera aprobetxatu beharra daukala Euskal Herriak.
Independentismoaren erronkei buruz ariko zara. Zein dira erronka horiek?
Erronka nagusia da, gehiengo independentista bat artikulatzea, eta horretarako, ikusi dugu prozesu soberanista bat abiatu beharra dagoela. Iritsi da unea, Euskal Herrian ere prozesu bat martxan jartzekoa, Eskozian eta Katalunian bezala, zeinaren helburua izango den estatu propio bat eraikitzea.
Diozu orain dela momentua, prozesua abiatzeko. Zergatik?
Kataluniak guztiz aldatu du panorama politikoa, eta azkenean lortzen badute deskonexio prozesua gauzatzea, guri ere ate bat zabalduko zaigu. Guk ez dugu beste egoera bat planteatzen, lortuko dutela baizik. Eta gauzak ez dira berdinak izango, horren ondoren. Momentu hori aprobetxatu beharra aukagu, ezin dugu pasatzen utzi aukera hau.
Sortuk 2026rako planteatu du euskal errepublika osatzea. Erreala da epe hori?
Gu konbentzituta gaude baietz, erreala dela, lortu daitekeela. Eta hori esateko, erreparatu diegu Eskoziari eta Kataluniari. Haiek, gutxi asko, hamar urteren buruan eraman dute aurrera, prozesu guztia.
Eta nola planteatzen duzue prozesu hori?
Garbi daukaguna da, ekinez egiten dela, Kataluniak erakutsi digun bezala. Artur Masek azaldu zuen aurrekoan, Donostiako Kursaalen, duela bost urte, Katalunian %20 inguru zegoela burujabetzaren alde; eta orain, berriz, gehiengoa da, erdia baino zerbait gehixeago, alde dagoena. Hemen, berriz, %35 inguru dago burujabetzaren alde gaur egun, eta beste %20 batek edo, uste du autonomia gehiago beharko genukeela. Beraz, oinarri nahikoa badaukagu, sinisteko prozesua aurrera eraman daitekeela, eta martxan jarri behar dugula. Oraintxe, independentismoaren erronka nagusia da, prozesua martxan jartzea.
Guk, Zohardia ponentzian, planteatu dugu estrategia bat, Euskal Herri osorako izango dena, baina hiru prozesu eratzaile ezberdin izango dituena, esparru administratibo bakoitzeko bat: EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. Metafora bat erabili ohi dugu hori azaltzeko: azken geltokiak, zazpi lurraldeak bilduko ditu, baina geltoki horretara iristeko, hiru trenbide daude. Ba esparru administratibo bakoitzak bere trena dauka, eta gai izan behar du, bere erritmo propioan, azken geltokira iristeko.
Independentziara iritsi gaitezke zatika, edo denak batera, baina hiru prozesutan. Uste dugu, hori dela modurik eraginkorrena eta azkarrena, azken helburura iristeko.
Eta bide horretan, zein paper jokatzen du martxoaren 19ko herri galdeketak?
Oso garrantzitsuak dira herri galdeketa hauek. Erabakitze eskubidea gauzatzeko ariketa moduko bat dira, eta aukera ematen dute, ikusarazteko independentziaren aldeko borondatea dagoela.
Baina planteatzen duguna da, zerbait sinbolikoa izatetik, pasa behar dela galdeketa orokor eta lotesle batetaz hitz egitera, eta datak zehazten hasi.