Berriak elkarrizketa labur bat egin dio Iker Rodrigori:
Egun bat Guardia Zibilak atxilotuta izan eta Eloy Velasko Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ondoren, epaileak aske utzi du Iker Rodrigo. Madrildik etxerako bidean dela erantzun ditu BERRIAren galderak Sorturen Bizkaiko koordinatzaileordeak. «Ondo» dagoela kontatu du; lagunekin elkartzeak asteleheneko «haserrea» gaindiarazi diola; lasaitu dela dagoeneko. Hala ere, bere aurkako atxiloketa «azpijokoa» izan dela ohartarazi du.
Zer moduzko tratua izan duzu Guardia Zibilaren eskuetan?
Tratu ona izan dut. Nik uste dut beraiek argi zutela azpijokoa egin behar zutela; atxilotu ninduten, baina atxiloketa momentutik gaur arte tratu ona izan dut. Hasieratik komunikatua egon naiz, inkomunikazioa ezarri gabe, eta tratu egokia jaso dut.
Xabier Lopez Peñaren gorpuaren harrera prestatzea egotzi dizute. Zer esan diozu epaileari?
Akusazioa terrorismoa goratzea da, baina akusazio orokor horren atzean diote ni izan nintzela harrera osoa antolatu nuena. Nik esan diet ezetz. Ez nuela ezer antolatu eta egin nuen bakarra izan zela familiarekin egotea han; familiarekin egon nintzen momentu oro.
Askatu zaituzte, baldintzapeko neurri batzuk ezarrita. Zein egoeratan geratu zara?
Hilean behin sinatzera joan behar dut epaitegira, eta ezin dut Espainiako Estatutik atera.
Auzipetuta utzi zaituzte?
Inputatuta nago. Diligentziek aurrera egingo dute, eta seguruenik epaiketaren zain egongo naiz berriro ere. [Hain juxtu, Espainiako Auzitegi Gorenak atzo bertan berretsi zuen Rodrigoren absoluzioa, D3M hauteskunde plataformaren aurkako auzian].
Zein balorazio egiten duzu atxiloketaren inguruan? Legez kanporatze eskaerak eragin ditu...
Atxiloaldian komunikazio egoeran egon naizen arren, ez dut inolako informaziorik izan eta orain ari naiz zerbait jakiten. Edozein kasutan, uste dut argi geratu dela atxiloketaren atzean beste arrazoiren bat zegoela. Urkijok esandakoaren harira, zantzuen bila dabiltza Sorturen aurka, eta ez badaude, asmatu; hori egin dute.
Operazioak beste helburu bat zuela uste duzu, beraz?
Baietz uste dut, bai. Sorturen aurkako mamu hori hauspotu nahi dutela dirudi.