Atzo iragarri genuen bezala gaur goizean SORTUk Nazio Mintegi bat burutu du "Nazio Eraikuntza eta Eraldaketa Soziala" inguruan. Topaketaren helburua – 300 pertsona inguru izan dira bileran- gai horren inguruko hausnarketan sakontzea eta ziklo politiko berrian Sortuk bultzatuko dituen estrategia eta ildo nagusiak finkatzea izan da.
Ildo horiek eremu espezifikoetan izango dute garapen propioa hemendik aurrera; landuko diren atal nagusiak sozio-ekonomia, sozio-kultura eta zehar lerroak izango dira, bakoitzean hainbat azpiatal landuko direlarik.
Egun bizi dugun krisiak gero eta ageriago uzten du pairatzen dugun estatuekiko menpekotasunak zulo beltzera daramala gure herria. Herri gisa pentsatuz eta arituz baino ez gara zulo horretatik aterako. Eredu berri bat behar beharrezkoa dugu. Guk geuk hartu behar ditugu gure beharrei erantzuteko erabakiak, guk geuk eraiki behar dugu, egunez egun, geure herria. Guk geuk eraiki eta garatu behar dugu gure eredu propioa eta, horretarako, Nazio Eraikuntza ezinbesteko tresna dugu.
Nazio Eraikuntza ez da, noski, ezker abertzaletik soilik jorratu den eremua, baina esparru oso anitza izanik ere, Sortuk badu Nazio Eraikuntza ulertzeko eta lantzeko modu propioa. Gure aldetik, nazio eraikuntza, gure herriaren eraikuntza, eraldaketa sozialarekin eta gure herriak bere oraina eta etorkizuna erabakitzeko daukan eskubidearekin lotzen dugu.
Euskal Herri independente, sozialista, euskalduna eta feminista dugu helburu eta Nazio Eraikuntza eta Eraldaketa Sozialaren estrategia ziklo politiko honetara egokitzea dugu xede.
Euskal Herriarentzako garapen eredu berria definitu nahi dugu, gure ikuspegitik, maila lokalean oinarri izan behar duen garapen eredu berria. Alegia, gure herriaren garapen sozial, ekonomiko eta kulturalaren oinarria auzo/herri/eskualdeetatik abiatu beharra dugula sinistuta gaude eta eredu berri hori, bihartik hasita, nola eraikiko dugun zehaztea da gure asmoa.
