Maiatzaren 1ean, Langile Herria osatzen dugula aldarrikatu eta Kapitalari herri antolatu eta borrokalaria aurrean duela erakustera irtengo gara kalera.
Egungo testuinguru ekonomikoa bere horretan latza dela antzematearekin gutxi ez, eta gainera, oldarraldi neoliberal patriarkalak klase kontzientziaren desegitea du jomuga. Langabezia, prekarietatea eta horien ondoriozko pobrezia geurean hedatu eta sistematizatzen ari diren bitartean, egoera horrekiko kolektibo izatearen kontzientzia eta aldaketarako gogo-indarrak ahul antzeman ditzakegu jendartean.
Kapitalak urteak daramatza, langileon oinarrizko eskubideak sistematikoki zapaltzen ez ezik, indibidualismoa eta lehia geure baitan errotu nahian ofentsiba basatiak bideratzen; Estatu espainiarrean burutu eta Euskal Herrian aplikatu nahi izan dituzten lan-erreforma, murrizketa, pribatizazio eta neurri mordoxka horri, Estatu Batuen eta Europar Batasunaren artean adostu nahi duten TTIP delakoaren erasoa gehitu behar diogu, besteak beste.
Horregatik, esparru guztietan eta dimentsio guztiak landuz, kapitalaren erasoaldiari geure bitarteko nagusiekin erantzun behar diegu: antolaketa eta borroka. Euskal Langile Herria berrantolatu beharrean gaude, egungo errealitatetik abiatuta, gaur, bihar eta etziko zeregin eta helburuak definituz, oinarri bat eta berarekin, elkarrekin.
Bete dezagun Euskal Bidea edukiz, ametsez, gogoz eta ilusioz, bilaka dezagun independentziarako bidea nazio, klase zein genero askapenerako bide, aldarrika dezagun klase zapalkuntzarik gabeko, hau da, kapitalismoa eta patriarkatua gaindituko dituen Euskal Herria independentea, egin dezagun bertara iristeko bidea. Guzti horrengatik, eskualdez eskualde, Maiatzaren Lehenerako LABek deitu dituen mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu, bai eta egun horretan bertan LABek, Ernaik eta Sortuk deituriko mobilizazio ezberdinetara.
Gora Maiatzaren Lehena! Gora Euskal Herria Sozialista!