Atzoko egunez, azken EPAko datuak jakinarazi zituzten. Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan langabeziak behera egin du, 16.300 pertsona gutxiago dago langabezian. Halere, langabeziaren jaitsiera ez dator bat lanaren sorrerarekin, izan ere, 3.400 herritarrek soilik bilatu baitute lana.
Berehala, Urkullu lehendakaria eta Mariano Rajoy estatu espainoleko presidentea datu pozik agertzen ziren eta ustezko "errekuperazio ekonomikoaren" mantra aireratu zuten beste behin. Baina datu hauek izkutatzen duten errealitatea bestelakoa da, berriki kaleratu dugun "Kapitalismoa eta aberastasunaren banaketa Euskal Herrian" sozioekonomia txostenean azaltzen den bezala.
- Epe horretan burutu diren kontratuen % 91,5 aldi baterakoak izan dira. Aldi baterako kontratuen artean % 47,6, alegia, egiten diren kontratuen erdia, hilabete baino gutxiagoko kontratuak dira eta erdiak baino askoz gehiagok (% 60,5) ez dituzte sei hilabeteak gainditzen.
- Hego Euskal Herrian 96.000 pertsonek 2 urte baino gehiago daramate langabezian eta 124.000 pertsonek ez dute inolako laguntza ekonomikorik jasotzen.
- Sortutako lanaldi guztien %39,3 partzialak dira, kopuru horren %67,7 emakumeek betetzen dituzte.
Datu hauek guztiek, errealitate ekonomiko gordin bat marrazten digute. Langabezi kroniko baten aurrean gaude, epe luzeko langabetuekin, eta populazioaren zati handi bat inolako laguntza ekonomikorik gabe eta prekarietatea nagusi. Lan baldintzak kaskartzen ai dira, sortzen den enplegua ez da kalitatezkoa eta oso epe murritzekoa da. Kalitatezko enplegua deusezten ari da eta lanaldi prekarioa eta temporala sortzen ari da.
Ezin gara autokonplazenzian erori ezta autoengainuan. Ezin dugu kalitatezko enplegua deuseztu, lan prekarioa bultzatzeko. Enpleguaren arazo estrukturalak hor dirau, eta egoera honetara ekarri gaituzten politikek ezin gaituzte egoera honetatik atera. Hortaz, ordua da norabideaz aldatzeko.
Gure ehun produktiboaren birmoldaketa bati hasiera emateko unea da, kalitatezko enplegua sortzeko eta herri honetako langile klasearen lan eskubideak bermatzeko. Ordua da neoliberalismoarekiko kateak hausteko, prekarietatearen eta miseriara kondenatzen gaituelako. Ordua da hortaz gure geroa erabakitzeko, gure etorkizun ekonomiko eta soziala erabakitzeko.