ALBISTEAK

TTIP delakoa azken hamarkadetan kapitalismoak langileon eta herri-sektoreen aurka burutu nahi duen eraso bortitzena dugu. Hitzarmena Amerikako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren artean sinatu nahi dute, baina negoziazio guztiak sekretupean burutzen ari dira, herritarroi bizkarra emanez. Zergatik? Bertan hartuko diren erabakiak zuzen-zuzenean herritarron aurkakoak direlako, borrokaren bidez irabazitako oinarrizko eskubide sozialak desagerrarazi nahi dituztelako eta geure bizitzan funtsezkoak diren zerbitzu zein baliabide publikoak merkantilizatu eta pribatizatu nahi dituztelako.

Hala, sistema kapitalistak porrot egin zuela bazirudien ere, egun, inoiz baino basatiago ari zaigu erasotzen edozein motatako neurri demokratikoren gainetik gailenduz. Hor dugu Greziako erreferendumaren adibidea: ariketa demokratiko zehatz baten ostean, inongo tankerik sartu behar izan gabe, biolentzia fisikorik eragin gabe, herri oso bat menpean hartu zuen Europako oligarkia finantzarioak. Greziako kolpea ordea ez da ezer berria. Europar Batasuna Merkatari handien Europa izan da hasiera-hasieratik, zenbait estatutako burgesia handiaren interesak, herrion burujabetza eta herritarron eskubide ezaren gainean eraikiz.

Gaur egun TTIParen negoziazioen hamaikagarren errondan murgilduta daude herritarron interesak beharrean, zuzenean transnazionalenak defendatzen dituztenak. Oraindik ez dute azken proposamena zirriborratu eta beraz, indar nahikoa bildu eta bertan behera geratzeko garaiz gabiltza. Eraso bortitz horren aurrean, nazio eta jendarte askapenaren alde dihardugun mugimendu eta norbanakook tamaina bereko erantzuna eman behar diogu:

  • TTIPari ezetz esan behar diogu, argumentuz eta arrazoiz jositako ezetz irmoa. Horretarako halako hitzarmen batek izan ditzakeen ondorio larriak jakinarazteko eta euskal jendartea sentsibilizatu eta aktibatzeko lanetan aritu beharrean gaude (mahainguruak, buzoneoak...).
  • Indarrak bildu eta langile klasearen eta herri sektoreen arteko aliantza bilatu behar dugu, gure aldarrikapenek, guztiok batera eginez, oihartzun gehiago izan dezaten eta salaketa ildoaz gain, ildo mobilizatzailea ere aktibatzeko. Zentzu horretan, Euskal Herriak TTIPari Ez! kanpainan parte hartzen dugu Euskal Herriko mugimendu sozial eta sindikalekin batera.

Euskal Herriak ezetz esan behar dio TTIPari, Euskal Herria esparru guztietan, baita ekonomikoan ere, bere buruaren jabe izango den estatuaren bidean urratsak ematen ari baita. Ez dugu Euskal Herri askerik izango, herri gisa zapalkuntza neoliberalari aurre egin eta sistema kapitalista gaindituko duen gure bideari ekiteko borrokatzen ez badugu.

Informazioa
TTIP: Neoliberalismoaren geopolitika eta Euskal Herria, mahai ingurua (Iratzar Fundazioa, BIDEOA)
Zer da TTIP? (EHBildu, webgunean)
Zer da TTIP? (EHBildu, txostena pdf-an)

Deialdiak
Urriak 10, mosaikoa hegoaldeko 4 hiriburuetan 12:30ean (kartela):
Bilbon: Arriaga aurrean
Donostian: Zurriolan
Gasteizen: Foru Plaza
Iruñean: Sarasate paselekuan

Larunbat honetan, guztiok NATO ekonomiko honi EZ esatera!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.