Pasa den ostiralean Sorturen Sozioekonomia Batzarra ospatu genuen Donostiako Iratzar Aretoan. Guztira 80 bat lagun bildu ginen ikasturte honetako erronken inguruan aritzeko. Pasa den ikasturtean eginikoaren balantzea oinarri eta zenbait eztabaida eta hausnarketa saioren ondorioak azaldu ostean, nahiz eta pasa denean bezalaxe hamaika gai landuko ditugun (tokiko garapena, energia, TTIP, finantza-sistema...), ikasturte honetan lehentasunez jorratuko ditugun gaiei heldu genien taldeka:
- Estrategia independentista eraldatzailearen inguruko hausnarketa egitea ikuspuntu sozioekonomikotik.
- Burujabetzaren inguruko borroka ideologikoari dimentsio sozioekonomikoa ematea.
- Enplegua eta lanaren gaia integralki eta burujabetzaren ikuspuntutik lantzea.
Eztabaidak biziak eta sakonak izan ziren eta balorazioetan argi geratu da Batzarrak iraunkortzearen beharra. Hori dela eta, proposamena Sorturen Sozioekonomia Batzarra gutxienez urtean hirutan burutzea da:
- Ikasturte hasieran, ikasturteko erronken inguruan aritzeko.
- Ikasturte erdian, egindakoaren berri eman eta ikasturte amaiera bitartean aurreikusten denaz aritzeko.
- Ikasturte amaieran, ikasturteko balorazioa egin eta hurrengo ikasturteari begirakoaz aritzeko.
Ostiralean entzun, eztabaidatu eta ondorioztatutakoak bilduma batean jaso eta ekarpenak idatziz jasotzeko aukera irekiko dugu. Horretarako interesik baduzu, idatzi E-posta hau spambotez babestua dago. JavaScript behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera eta informazio osoa helaraziko dizugu.
Elkarrekin eztabaidatzea aurrera urratsak emateko ezinbesteko tresna dugulako, hurrengo Batzarrerako lanketa gaurdanik hasiko dugu.