Pasa den urtean, makro-datuen bonbardeo mediatikoari aurre egingo dioten informe sozioekonomikoak kaleratzea erabaki genuen Sorturen Sozioekonomia lantaldean. Ildo horretan, 6 hilero, koiuntura datuen irakurketa egin eta gai bat sakonean aztertzea erabaki genuen.
Lehen txostenean, Kapitalismoaren ondorioak Euskal Herrian, bereziki industriaren gainbeherari erreparatu genion: telebista eta komunikabide handiek sinistarazi nahi digutenaren kontrara, Lehman Brothersen erorketarekin agerian utzitako finantza- eta adreilu-krisiak gure ehun industrialaren desegitea bizkortu du, azken 6 urtean 75.500 lanpostu suntsitu baitira industrian, eraikuntzan baino 15.000 eta zerbitzuetan baino ia 70.000 lanpostu gehiago.
Bigarren txostenean, Kapitalismoa eta aberastasunaren banaketa Euskal Herrian, lehen zatian, langabezia, prekarietatea eta pobreziari erreparatu diogu. Uztaileko datuak, egungoak bezalaxe, lazgarriak dira:
- Hego Euskal Herrian ia 300.000 pertsona dago pobrezia egoeran eta ia 50.000 pobrezia egoera larrian.
- Hego Euskal Herrian langabezian dauden pertsonak ia 200.000 dira.
- Langabezian 2 urte baino gehiago daramatenak ia 100.000.
- Langabezian lan-saririk gabe daudenak 124.000 pertsona.
- Eginiko kontratuen % 90 baino gehiago aldi baterakoak: ia % 50 hilabete baino gutxiagokoak, % 60 sei hilabete baino gutxiagokoak.
- Eginiko kontratuen ia % 40 lanaldi partzialekoak, ia % 70 emakumezkoei.
Txostenaren bigarren zatian, aldiz, aberastasunaren banaketari begiratu diogu kapitala-lana harremana errentetan aztertuz. Ondorioa argia da: aberastasunaren banaketa bidegabean sakondu besterik ez da egin azken urteotan; gaur egun, enpresen jabeek langileek eginiko jarduera produktiboagatik duela 30 urte baino etekin handiagoak eskuratzen dituzte. Zalantzarik gabe, Madrilen idatzi, sindikatu espainiarrek bermatu, Gasteiz eta Iruñeak onetsi eta bertako patronalak aplikatu dituen lan-erreformek amildegiaren ertzean utzi gaituzte milaka eta milaka euskal langile. Zapalkuntza hori, noski, euskal emakume langileon kasuan, hirukoitza bilakatzen da, kapitalismoaren izaera patriarkarrak zapalkuntza basatia eragiten duela ikus baitezakegu txostenean bildutako datuetan: emakumea buru duten familiak pobreziara kondenatuak daude.
Egoera bidegabe honen aurrean, zer egin?
Egoera iraultzeko lehen urratsa, ezbairik gabe, egoeraren jakitun izatea da, egoeraren berri izatea. Horregatik, txostena kaleratzeaz gain, datuak eta ondorioak sozializatu eta eztabaidatzeko lan-saioak antolatu ditugu herrialdez herrialde. Hurrengo saioak honako hauek izango dira eta ezker abertzaleko kide guztiak zaudete gonbidatuta:
- Nafarroako lan-saioa, azaroak 26, osteguna, 18:00etan, Iruñeko Sorturen egoitzan. Izena emateko idatzi hona: E-posta hau spambotez babestua dago. JavaScript behar duzu ikusi ahal izateko..
- Arabako lan-saioa, abenduak 2, asteazkena, 19:00etan, Gasteizko Sorturen egoitzan. Izena emateko idatzi hona: E-posta hau spambotez babestua dago. JavaScript behar duzu ikusi ahal izateko..
Lehen saioa Gipuzkoan egin genuen pasa den ostiralean, hilak 13. Bertan, Joseba Permach eta Jone Etxeberriak informearen azalpen bat egin ostean, bertan jasotzen diren gaien artean norberari interesgarrien iruditzen zitzaizkion aldeei buruz jardun genuen: burujabetza ekonomikoa, kapitala eta lanaren arteko harremanaren eboluzioa, klase-gatazkaren gordintasuna, errenta eta lanaren banaketa... Bigarren ariketa batean, aldiz, aurrera begira egin beharko genukeenaz aritu ginen: plano desberdinak bereizi beharra (ideologikoa/praktikoa), borroka ideologikoaren garrantzia, Gipuzkoaren ehun produktiboa ezagutu eta berrindustrializazioaz hitz egin beharra, trantsizioak ekosozio feminista izan behar duenaren ziurtasuna, finantza-baliabideak geure esku mantentzearen premia...
Gai horiek guztiak sortukideon artean aztertu eta eztabaidatu beharrean gaude pixkanaka euskal sozialismoa izango dena behetik gorako eraiki nahi badugu. Beraz, irakurri informeak eta etorri gurekin eztabaidatzera!