ALBISTEAK

There is no alternative (TINA akronimoarekin ezaguna) Margaret Thatcherrek erabiltzen zuen eslogana barru-barruraino sartuta izan dugu azken hamarkada hauetan. Liberalismo ekonomikoak eta globalizazio kapitalistak bereak eta bi egin baditu ere (ingurumena suntsitu, gerrak hedatu, mundu osoan milioika pertsona esklabizatu eta miseriara kondenatu...), beste alternatibarik ez dagoela sinestarazteko programatu gaituzte. Horixe izan da neoliberalismoa, kapitalismoaren eredu ekonomikoari balore-sistema oso bat gehitu diona: lehiakortasuna, indibidualismoa, kontsumo-kultura, homogeneizazioa...

90eko hamarkadak, ideien borrokaren ikuspuntutik, hondamendia ekarri zuen: TINAren aurrean Sobietar Batasunaren inplosioak Europako ezkerraren erabateko noraeza ekartzeaz gain, Europar Batasunaren sorrera pairatu genuen. Ildo horretan, batean zein bestean, ezker abertzaleak jarrera zintzoa izateaz gain, praktika koherentearekin erantzun zion egoerari Merkatari Handien Europa salatuz eta Herrien Europaren alde eginez. Lehen minututik jakin genuen eraikitzen ari ziren egitura erraldoi hori herrien zein langileon kartzela besterik ez zela izango. Baina, TINA hedatuegi zegoen Europako ezkerraren artean, eta Latinoamerikan garai batean zein duela urte batzuk martxan jarri ziren eta ari diren aldaketekiko distantzia nabarmena markatu izan dute.

Hamarkada batzuk pasa dira ordea, eta TINA barru-barruraino sartuta badugu ere, badirudi Europa mailan ere zerbait mugitzen ari dela: Europar Batasunean gobernatzen duten agintari politiko zein ekonomikoek ez dute Europako herrien burujabetza-prozesuak erabat desprestigiatzea lortu eta neurri neoliberalen ondorio basatien ankerkeriak bultzatuta, alternatibaren bila jarri dira hainbat herritan.

Euskal Herria, orokorrean, ez da prozesu horren salbuespen. Herri gisako kontzientzia berreskuratu (auzolan, elkartasun eta kooperazioaren baloreak berreskuratu), oldarraldiari erantzun (Karta Soziala, TTIP, fabriken itxierak, prekarietatearen aurkako aldarriak, pentsionisten ILPa, etxegabetzeak...) eta alternatiba eraikitzeko gogoa (Alternatiben Herria, Errigora, kontsumo-taldeak, energia-kooperatibak, finantza etikoak..) bizirik dagoela dirudi. Eta bai, sistema honekiko alternatibak eraiki izan ditugu eta horiek eraikitzen jarraituko dugu, baina alternatiba horiek zer, nola eta zergatik galderei erantzun behar diete.

Marxek idatzi zuen obra handiaren helburua kapitalismoa jendartean ematen den zerbait naturala ez zela frogatzea bazen, gu geu TINA suntsituko duen alternatiba erreala, kapitalismoa gainditzen lagunduko duen alternatiba eraiki beharrean gaude.

Ekonomia Sozial Eraldatzailea Europar Batasunean

Pasa den astean, Europar Parlamentuko GUE/NGL ezkerreko taldeak antolatuta, Ekonomia Sozial Eraldatzaileari buruzko Europako I. Foroa burutu zen Bruselan. Hamaika herritatik bertaratutako pertsona andanak argi utzi zuen Europar Batasunaren politika ekonomikoekiko alternatibaren beharra. Erantzuna, ordea, nahiz eta foroaren izenak argi utzi, oso maila desberdinetakoa izan zen.

Euskal Herrian, ekonomia soziala eta ekonomia sozial eraldatzailea (edo gazteleraz economía social y solidaria) delakoaren artean dagoen desberdintasuna horrela markatzen dute bigarrenaren alde egiten duten eragile nagusienek: eraldatzailea (edo solidarioa) izateak helburu politiko argi bat markatzen dio ekonomia mota horri, eta helburua ekonomia eta jendartea eraldatzea da. Ekonomia sozialean, ordea, funtzio sozial jakin batzuk betetzearekin nahikoa da, ez zaude ingurumenarekin eta jendartearekin zure ekimenetan solidario izatera derrigortua. Ekonomia sozial eraldatzailean, aldiz, harreman ekonomikoak parametro desberdinetatik berrezartzeko obligazioa duzu; ahalik eta mozkin handiena bilatu beharrean, justizian, lankidetzan, elkarrekikotasunean eta elkarrekiko laguntzan oinarritutako ekoizpen, banaketa, kontsumo eta finantziazio harremanak eratu nahi ditu. Zentzu horretan, nola ekonomia feministak, hala ekologismo konbatiboenak eskaintzen dituen tresna ideologikoak oso kontuan hartzekoak ditugu, hiru borroka-esparruek, ekonomia sozial eraldatzailearenak, feminismoarenak eta ekologismoarenak, sistema kapitalista-patriarkar eta zapaltzailea gainditzea baitute helburu.

ESE delakoak, ordea, feminismoak zein ekologismoak bezala, ez du zentraltasunik gurean, zergatik orduan alternatibaren maila eman? Lehenik eta behin, hiru borroka-esparruek egungo sistemaren mozorroa agerian uzten laguntzen digute eta egun bizi dugun desideologizazio sakonean tresna baliotsu bilakatzen direlako; bestetik, herri eta jendarte gisa izan nahi genukeenaren inguruko inspirazio-iturri direlako, egunez egun kapitalismo patriarkarraren logikak gainditu eta errealitateak ikusarazten dizkigutelako; eta azkenik, iraultza kulturalerako ezinbesteko dugun demokratizazioan sakontzen laguntzen digutelako.

Oso poetikoa dirudien horrek guztiak atzean proiektuak ditu, borroka zehatzak ditu, gure herrian gainera Bruselak iradoki, Madrilek idatzi eta hemengo agintari ekonomiko eta politikariek gustura betetzen dituzten politika ekonomikoei egunero aurre egiten dieten ekimenak, ekimen errealak, TINA deuseztatzen ari diren burujabetza-gune berriak.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.