ALBISTEAK

Correscales edo Korrika Prekarioa Bilbo eta Bartzelona batuko dituen 800 km-ko errelebo-lasterketa bat da. Otsailaren 18an aterako da Bilbotik, 19 goizean Gipuzkoa zeharkatu eta arratsalde-iluntzean Iruñera helduko da. Ekimenaren helburua, ordea, ez da helmugara ahalik eta azkarren iristea: egungo sistema kapitalistak dakarkigun prekarietatea ikusarazi eta elkartasunaren bidez aurre egiteko grina piztea.

 Aipatu prekarietatea gurean oso hedatua dagoen errealitate bat izanda ere, esan behar dugu, Euskal Herrian bertan ere, modu isolatuan eta bakardadean bizi den errealitatea dela. Komunikabide handiek eta gobernuan dauden politikariek sekulako inbertsioak egiten dituzte langile klasea eta herri-sektoreak desinformatuta ez ezik, zatituta ere izateko. Prekarietate eta pobreziaren aurpegia bereziki emakume, gazte eta migranteena bada ere, ezin ahaztu dezakegu azken urteotako prekarizazio-prozesuek langile gehienak bete-betean jo gaituztela, hitzarmenak deuseztatuz edota lan-baldintzak zeharo gogortuz. Euskal Herrian, gainera, egunerokoan barneratu ditugun hainbat mito hautsi beharrean ikusten gara. Hona hemen, besteak beste, mito horietako garrantzitsuenak:

  • Ekonomia hobetzen ari da. Gezurra da; langabezia tasak asumi ezinak ez ezik (173.000 langabe Hego Euskal Herrian), iraupen luzeko langabeziak (74.200 pertsona) atzera buelta zaila duen pobrezia-egoerara kondenatzen gaitu. Gainera, sortzen diren lanpostuak erabat prekarioak dira: % 90 behin-behinekoa, ia erdia hilabete baino gutxiagokoa. Langile eta herri-sektoreon ekonomia ez da hobetzen ari, dirudunen mozkinak ari dira gorantz egiten.
  • Euskal Herrian ez gaude hain gaizki. Gezurra da. Euskal Herrian langileok ez gaude batere "ongi" eta azken 30 urteotako balantzak hala adierazten du: langileok Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordinaren % 10 gutxiago jasotzen dugu eta enpresarien mozkinak % 10 egin dute gora. Gainera, azken urteotako hispanozentrismoaren fenomenoak izugarrizko kaltea eragin digu: beti estatu espainiarrarekin alderatzen gara, industria-basamortua izateaz gain, porlan eta turismoan oinarritzen den estatuaren ekonomia hondoratuarekin. Alta, estatu espainiar hori bera da bizitza prekarioak bizitzera kondenatzen gaituena lan-erreformak burutuz, zerbitzu publikoak suntsituz, defizitaren muga ezarriz edota finantza-sistema autonomoa desagerraraziz, azken finean, Euskal Herriko eredu sozioekonomiko propioa garatzeko burujabetza ostuz.
  • Krisia fenomeno natural bat da. Gezurra da. Egun Euskal Herrian bizi dugun egoerak erantzule argiak ditu: kapitalismoa, patriarkatua eta inperialismoa. Eta kapitalismoak bultzatzaile argi batzuk ditu: transnazionalak, politikari neoliberalak eta haien esku dauden komunikabide erraldoiak. Horien guztien bidez eredu ekonomiko bakarra existitzen dela sinetsarazi digute, egungo eredu kapitalista-patriarkar-inperialista eredu naturala dela, ez dagoela alternatibarik. Euren indarra, ordea, sinesmen horretan bertan dago, pixkanaka iraultzen ari garen sinesmena.

Gauzak horrela, Sortutik ezinbesteko dugu hiru norabidetan jardutea: jendartearen aurrean kapitalismo-patriarkar-inperialistaren mozorroa agerian utzi; oldarraldi neoliberalari kalean aurre egin; eta gaurtik bertatik alternatiba txiki zein handi eraikitzen jarraitu.

Korrika Prekarioa zergatik?
Korrika Prekarioaren aldeko apustuak, gurean, bi helburu nagusi betetzen ditu: alde batetik, Teléfonica-Movistarreko langile prekarioen ekimena izaki, transnazional handiek eragiten duten prekarietate inbisibilizatua agerian utzi eta egoera berean dauden langileekiko zubiak eraikitzen ditu; eta bestetik, kalera ateratzera derrigortzen gaitu, egoerari aurre egitera, langile eta herri-sektoreak batuko dituen elkartasuna praktikan jartzera. Horrelako ekimenek, eragile sozial, sindikal eta politiko eraldatzaileen arteko harremanak estutu eta egoera sozioekonomiko erreala geure agenden lehen planoan jartzeko aukera eskaintzen digute.

Otsailak 18an Bilbotik hasiko da
Korrika Bilbotik aterako da otsailaren 18an, 18:30ean, Bilboko Buenos Aires kaletik. Basaurira 21:15ean iritsiko da eta han ere harrera egingo zaio. Otsailaren 19an Gipuzkoara iritsiko da. Kostan, Zumaian zein Getarian, harrera egingo diote 06:00etan lehenengoan, 06:45ean bigarrenean. Hernanira 10:15ean iritsi eta bitan zatituko da: Oarsoaldera egin eta Donostian amaituko dena, eta Tolosalderantz joko duena. Berriozarra 20:15 iritsi eta Iruñeko kaleak 21:00etatik aurrera zeharkatuko ditu.

Ekimenaren gaineko informazio guztia (Ibilbidea, azalpenak eta diru-bilketa) hemen dago.

Donostialdeko ekimenen inguruko informazioa.

Askapen sozial eta nazionala bereizi ezin diren kanikaren bi espazioak ditugu: langile eta herri-sektoreok bizi dugun zapalkuntza burujabetzaren bidez soilik suntsitu ahal izango dugu. Eraiki dezagun burujabetza-nahia, bizitzaren esparru guztietan burujabetza izatearen nahia. Bultza ditzagun langile eta herri-sektoreen ekimenak, bultza dezagun Euskal Herri berria eraikitzeko nahia!

Sorturen Sozioekonomia arloa
2016ko otsailaren 13an

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.