ALBISTEAK

Aurtengo Maiatzaren Lehena, euskal langilegoaren eguna, oso testuinguru larrian iritsi zaigu.

Duela egun gutxi ezagutu izan dugu, Hego Euskal Herrian 237.000 herritar daudela lanik gabe . Hortaz, beste horrenbeste arrazoi biharko egunez gure herrietako kaleak betetzeko.

Azken hilabeteotan Euskal Herria kalera irten da, Madrildik herri honi inposatu zaizkion neurri politiko, ekonomiko eta sozialei aurre egiteko. Zer esanik ez, Nafarroan jendarte mobilizazioak sekulako indarra hartu duela, UPNk eta PSNk zerbitzu publikoetan ezarri zituzten murrizketa politiken aurrean protesta egiteko eta azken garaiotan ustelkeria kiratsa lau haizetara zabaldu den honetan.

Eta bihar Maiatzaren Lehenean kalera aterako gara kapitalismoak sortutako krisi ekonomiko larri honi aurre egiteko onartzen ari diren politikei EZ ozen bat esateko. Europako Troikaren aginduz Madrildik datozen neurriek krisian sakontzen dute eta hauen azken helburua krisira ekarri gaituen sistema iraunaraztea delako. Egoera larri honen aurrean, bai PNVk eta baita UPNk, agindu hauei men eginez, langile klasea murrizketen politikarekin zigortu nahi gaituzte.

EZ diegu utziko urte luzeetako borrokaren ondorioz lortutako eskubideak bertan behera suntsitu ditzaten krisiaren aitzakipean. EZ diegu utziko asmo duten berzentralizazio politiko eta ekonomikoa burutzen. EZ diegu utziko ongizate estatuaren lorpenak lurazpira kondenaten, osasun sistema publikoa deusezten, hezkuntza publikoaren kalitatea zapaltzen...

Gure EZezko borobila erakutsiko diegu ustelkerian eroso sentitzen diren alderdi horiei eta aurrean jarriko gara demokrazia aldarrikatzen, langileon eskubideak defendatzen, hori bai sudurrak estalirik hauen kiratsak kutsatu ez gaitzan.

Aldi berean, BAI esango diogu justizia sozialean oinarritutako eredu politikoari, zerbitzu publikoak indartuko dituena, herritarrak erdigunean jarriz, lan eskubideak eta eskubide sozialak lehenetsiz.

BAI esango diogu, aldaketarako eredu politiko, ekonomiko eta sozialari, kapitalaren aurretik bizimodu duina jarriz, sistema publikoaren eta lan merkatuak baztertutakoen defentsan.

Herri gisa erantzun behar diogu eredu neoliberalari, izan ere, Euskal Herriak bestelako politikak esijitzen ditu krisi sistemikoari aurre egiteko. Euskal Herriak bere tresna propioak behar ditu, jendarte justu eta solidarioago bat eraikitzeko. Beraz, Euskal Herriak burujabetza behar du inposizioei aurre egiteko eta kanpotik luzatzen dizkiguten aginduei frenoa jartzeko.

Euskal Herrian aldaketa politiko eta soziala behar beharrezkoa da. Euskal Herrian «ziklo politiko berria ireki da eta ildo horretan, eraikuntza politikoa eta soziala banaezinak dira. Euskal langileriak aldaketa sozial sakona bultzatzeko aukera eta ardura du.

Krisi honi ezkerretik erantzun ahal zaio izaera sozialeko neurri eta erabakiekin eta horrela esan behar diegu bai PP, zein PNV eta UPNri. Prozesua ezkerretik eraikitzeko erantzukizuna du. Behin-behinekotasuna, babes sozialen murrizketak, zerbitzu publikoen pribatizazioak, azpikontratazioak, diskriminazioa eta lan erreformak dira gaur egun langileek aurre egin behar dieten arazo nagusiak.

Horren aurrean, gizarte eredu justu eta solidario bat sortu beharra daukagu. Aldaketa politikoaz gain, globalizazio ekonomikoaren erasoak eta langileen eskubideen atzerapausoak salatzeko atera behar gara bihar Maiatzaren Lehenean. Globalizazioaren erasoei aurre egiteko borroka eta alternatibak eskaini behar dizkiogu herriari.

España gure hondamena da eta horregatik ez diegu utziko beraiekin hondoratzen. Gure bidea BURUJABETZA politiko eta ekonomikoa da, eredu berri batean gauzatuko dena, herritarrekin eta eragile sozial eta sindikalekin batera.

Indarrak batzea inoiz baino beharrezkoagoa delako, bihar denok kalera!.
Gora Maiatzaren Lehena!
Gora Euskal Herria Sozialista!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.