[baliabidea1 lotura1="http://sortu.net/dok/Eskuorria_A30.pdf"]Eskuorria[/baliabidea1] [baliabidea2 lotura2="http://sortu.net/dok/A30_mani_donostia.jpg"]Kartela[/baliabidea1]
Egungo egoera sozioekonomikoa benetan da lazgarria. Langabeziak gora egin du nabarmen eta langabezia horrek hamaika aurpegi ditu, emakume, gazte eta migranteenak bereziki. Orain arte gutxien eduki duenak pairatuko ditu gehien egoera sozioekonomikoaren ondorioak eta horren argazkiak egunero ikusten ari gara: etxegabetzeak, prestazio sozialen eznahikotasuna, prekarietatea, elikagai-bankuak eta jantoki sozialak gainezka,... Argazki horien ondoan, ordea, industria-sektoreko lanpostuen galera ari gara ikusten azkenaldian, fabriken gainbehera, Hego Euskal Herrian 210.000 lagun baino gehiago dago langabezian eta enplegua edukitzeak ere ez du bizi duina garatzea bermatzen: 10 langiletik 4 pobrezia mailatik behera bizi dira.
Egungo krisia, hartzen diren, hartu beharko liratekeen eta hartzen ez diren erabakien ondorio zuzena da. Kapitalak agindu eta Europa zein Madrildik ezartzen diguten ereduak ez du herri honentzat balio. Eredu horren porrota ikusteko Estatu Espainoleko datuak begiratu besterik ez dugu. Gure ordua iritsi da, euskal ekonomia bidegurutzera iritsi da, erabaki beharrean gaude: Kapitalaren Europa eta Madrilen ereduari men egiten jarraitu ala aurre egin eta alternatibak gauzatzen hasi.
Alternatiba badago, baina alternatiba hori elkarrekin eraiki behar dugu, euskal bidean urratsak poliki baina sendo emanez. Alternatibaren bide horri ekiteko funtsezko bi oinarri behar ditugu: borondate politikoa izatea eta alternatiba babesten duen masa kritikoa piztea; eraldaketaren alde borrokatuko duen masa kritikoa.
Euskal Herrian badago herritar eta eragile nahikoa alternatiba horren bidean urrats praktikoak emateko eta, dagoeneko, zenbait urrats eman ditugu. Zerga-politikan norabidea finkatu dugu, enplegu-politikan pausoak eman ditugu administraziopeko langileen kasuan... Baina alternatiba sozioekonomikoak ezin du eskuduntzen ariketa soilera mugatu, jarrera zein gaitasun politikoa biderkatu behar dugu jendartearen posizio kritikoak alternatibaren alde jartzeko.
Enpresa industrialen galerak izugarrizko eragina du jarduera ekonomiko osoan. Hor ditugu kasu sonatuenak, guztiok izenez ezagutzen ditugunak: Troquenor, Baco, Inasa, Alfa, Corrugados, Arce... baina milaka dira Euskal Herrian itxi duten edo ixteko arriskuan dauden industria-enpresa anonimoak. Itxiera horien adibide garbiena Sakana bera dugu: lurralde industrial izatetik, langabezia-tasa sinesgaitzetara pasa da denbora laburrean, krisiaren aitzakiapean ehun produktiboa babestu ez izana estaliz.
Aipatu testuinguruan eta alternatibaren premia horretan kokatzen dugu Fagor Etxetresnaken inguruan mahai-gaineratzen dugun ariketa politikoa. Fagor Etxetresnakek ixten badu 1.800 kooperatibista lanik gabe geratuko dira gure lurraldean, Edesa eta Grumaleko langileak ere bai. Fagor Etxetresnakek urtean 135 milioi euro gastatzen zituen EAEko hornitzaileei materiala erosiz; 200 enpresa hornitzaile baino gehiago ditu EAEn; 50 enpresa egoera larrian egongo dira Fagor Etxetresnaki fakturatzen zioten bolumena handia zelako. Jada gutxienez bi enpresek eragina antzeman dute: Mungiako Incasak Fagor Etxetresnaki saltzen zion eta Sondikako Refinerías Sangronizek Incasari. Beraz, ez gara 1.800 kooperatibistei buruz ari. Milaka lanpostuz eta gure herriarentzako alternatiba sozioekonomikoan ezinbestekoa dugun ehun produktiboaz ari gara, berau babesteaz ari gara. Nahikoa dela esaten ari gara.
Herri honi alternatibarik eskaintzen ez dion bide bakarra orain arte jarraitutakoa da eta alternatibarik ez dagoela sinetsarazi nahi digute dagoen alternatiba bakarra soberanista delako, ezkertiarra delako, egungo hegemonia ekonomikoaren interesen kontra doalako.
Gure herrian, eredu kapitalistak eragiten digun galera onartzeko prest ez dagoen masa kritiko nahikoa dugu. Hel diezaiogun aukera horri, euskal bidean urratsak emanez, haserrea kalera ateraz eta alternatibaren irudikapena burutuko duen eskaintza politikoaren laguntzaz presio sozial zein politikoaren uztarketan indarrak metatzera.
Egungo sistema ekonomikoa sustraitik aldatzen ez badugu behin eta berriz arazo berdinekin estropezu egingo baitugu baina aldaera batekin: krisi, suntsiketa eta kontraerreforma aldi bakoitzaren ostean, Euskal Langile Herria geroz eta ahulduagoa aurkituko dugu, burujabetza sozial eta nazionalaren alde borrokatzeko geroz eta baldintza kaxkarragoetan. Eta horri buelta emateko bide bakarra dugu: Euskal Herrian erabaki, bizi- eta lan-eredu duinak garatzeko.