Sortutik urjentziazko deia luzatzen dugu eragile sozial politiko eta instituzional guzti guztiei indarrak bildu ditzagun Inasa enpresaren industria jarduera eta lanpostuak mantentze aldera. Langabezi tasa % 20ra hurbiltzen ari den eskualde batean ezin da enplegua ez den beste lehentasunik egon. Horregatik, ezin dugu inondik inora ontzat eman 100 langile baino gehiago enplegatzen dituen enpresa baten eraispena; are gehiago egiaztatu denean ekonomikoki bideragarria dela.
Den denok, Instituzio, eragile politiko eta sozial eta baita herritarrak ere, gure eskura dauden baliabide guztiak mugimenduan jarri behar ditugu Inasako tresneria ez dadin saldu Sakanan ekoizpena eta enplegua mantentzeko konpromisoa hartuko ez duten enpresei. Inasako makinaria guztia Irurtzunen behar da eta Irurtzunen geratu behar da, are gehiago badagoenean Inasarekin aurrera egiteko prest dagoen inbertsorerik eta langileek ere enpresaren jarduera berreskuratzeko ahaleginean behar diren konpromisoak hartzeko borondatea erakutsi dutenean.
Ezin dugu ontzat eman Inasa berriro irekitzea eta enplegua berreskuratzea ekarriko ez duen ezer. Kalera atera behar dugu indar biziz inork ez dezan bere interes ekonomiko propioa Sakanako herritarren beharren gainetik jarri. Horregatik, urgentziazko deia luzatzen diegu Sakanako herritar guztiei bihar igandea maiatzaren 19rako Inasako langileak arratsaldeko 7etarako deitu duten Manifestazioan parte hartzeko. Guztion indarrak batzen baditugu lortu dezakegu Inasako lanpostuak mantentzea.
Sakanan, 2013ko maiatzaren 18an