ALBISTEAK

Azken egunotan bolo-bolo dabil LOMCEren araberako azterketen gaia. Honen harira Nafarroako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak hartutako jarreraren aurrean gure irakurketa plazaratu nahi dugu.

Nafarroako Gobernuak "LOMCE Nafarroan ezar ez dadin beharrezko mekanismo guztiak martxan jarriko" zituela adierazi zuen Akordio Programatikoan adostutakoari jarraiki. Hala ere UPNren Erregimenaren herentziarekin jarraitzen du Mendoza Kontseilariak eta LOMCE Nafarroako ikastetxeetan sartuta dago.

Aurtengo ikasturtean 3. eta 6. mailako azterketarik egingo ez duela adierazi du Mendozak. Hala ere, datorren ikasturtean 6. mailako azterketa egin dadin pilotajea egin du dagoeneko. Beraz, aurten azterketa horiek izango ez baditugu ere datorren ikasturtean horratx izango ditugu indarrean dauden dekretuek hala zehazten baitute.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionean, antzeko egoerarekin topatzen gara. PNVk LOMCEren kontra zegoela esan zuen. Hala ere, hiru urte t'erdi hauetan Cristina Uriarteren sailak LOMCE asumitu besterik ez du egin. Heziberri 2020 proiektuak hitz politak bazituen ere, bere garapena kontrakoa izan da: LOMCEren euskal aplikazioa izaten ari da bete-betean.

Gainera, PNVk hauteskundeak gertu (gertuegi) ikusten dituelakoan gaude. Hori horrela, ez du plantoaren inguruko zalapartarik nahi eta horregatik Uriarte, berriz ere, informazioa ezkutatzen eta manipulatzen ari zaigu. Familiak isilik eta noraezean nahi ditu. EH BILDUk 3. eta 6. mailako azterketen inguruan galdetutakoei jaramonik ez die egin Sailburuak, ez da erantzunik jaso.

Dena den, Nafarroan bezala, arazorik larriena ez datza azterketetan. Arazoa orokorragoa da: dekretuak dira gakoa. Bertan arautu da LOMCE edota Heziberri. Bertan agertzen dira ikasleek egin behar dituzten azterketak eta ebaluazio irizpideak.

LOMCEren aplikazioaren eta asimilaziorako tresna garrantzitsuena den ebaluazioaren inposizioaren aurrean SORTUk planto ekimenak babestu eta indartzeko konpromisoa du. Gauzak horrela, iazko ikasturtean jarraitutako dinamikaren ildotik, hezkuntza mugimenduak proposatutako ekimenekin bat egiten dugu.

Bi gobernuei LOMCE aplikatzea arautzen duten dekretuak bertan behera utzi eta Hezkuntza Sistema Propioaren alde hezkuntza komunitatearekin batera urrats tinkoak eman ditzaten exijitzen diegu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.