ALBISTEAK

Iritzi artikulua: Amaia Izko eta Ikoitz Arrese

Alderdi Popularrak 2012ko azaroaren 28an inongo kontsentsurik gabe LOMCE legea onartu zuenetik denbora pasa da. Denbora lar Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko urrats tinkorik eman gabe eta denbora lar datorkiguna txarragoa izango delakoan egungo hezkuntza eredua apurka apurka asimilatzeko.

Urte horretako urriaren 12an 10.000 lagun baino gehiago batu ginen Bilboko kaleetan inposizioei aurre egin eta Madrildik zetorkigun LOMCEri ezetz esateaz gain Euskal Herrian behar dugun Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeko asmoz. Aspaldiko partez hezkuntza komunitatea batera irten ginen kalera dozenaka eragile eta mugimenduren babesarekin aldarrikapen berdinei segika. Azken hamarkadan Donostian 2006ko maiatzaren 27an 'Bai Eskolak Euskalduntzeari!' nazio manifestazio erraldoi hartatik ez dugu horrelako hezkuntza mobilizaziorik izan, gurean, 2014ko azaroaren 8an 'Ikastolak ez hunki!' Ziburuko Kaskaroteneari babesa adierazteko manifestazioa burutu zen arte, behintzat.

Gauza bat argi izan genuen: euskal hezkuntzari eraso zuzena da LOMCE. Hezkuntzaren bitartez jendarte eredu konkretu bat inposatu nahi izan digute lege horrekin: Franko garaiko Espainiar eredua. Estatuan ustezko ongizatearekin bukatzeko hautua egin eta erreforma sakonei ekin zion PPren Gobernuak. Batetik, zerbitzu publiko gisa definitutakoen pribatizazio eta zentralizazioari ekin zioten, horra hor lan erreforma, osasungintzan hartutako neurriak edota LOMCE bera, adibidez. Azken hau, neoliberalismo basatiaren erreprodukzioa helburu, nahi duten sistema horretako robot alienatuak sortzea du xede. Ez lirateke, beraz, erreforma estrukturalak bururaino gauzatuko hezkuntzan ere horrelako legea onartu izan ez balute. Izan ere, jakin badakite hezkuntza herri eta jendarte baten eraikuntzan zutabe nagusia dela. Horra hor urteetan eman dioten erabilera alderdikoi, doktrinatzaile eta asimilatzailea. Ez da kasualitatea, nolako hezkuntza, halako herria. Nolako hezkuntza, halako jendartea.

Gurera etorrita, Nafarroa Garaian UPNren Errejimenak "euskal" kutsua izan zezakeen ororen kontrako guda muturrera eraman du. Euskal Herria aintzat hartzen duten testu liburuak debekatzeaz gutxi ez, eta D ereduko irakasleen kontrako sorgin ehiza abiarazi zuen Guardia Zibilaren txosten eta guzti. Lurralde honetan argia zen euskal hezkuntzak pairatzen zuen erasoa eta beraz, argia ere eman beharreko erantzuna.

Maiatzean, Nafarroara aldaketa haizea heldu bazen ere, hezkuntzan, oraindik orain ez dugu aldaketarik sumatu. José Luis Mendozak, Akordio Programatikoari jarraiki, "LOMCE Nafarroan ezar ez dadin beharrezko mekanismo guztiak martxan jarriko" zituela adierazi bazuen ere, esanak ez du egiten izana. Are gutxiago, hezkuntza komunitatea eta euskalgintza erabat aztoratu ditu Kontseilariak. Kontsentsua badago, bai: aldaketa beharrezkoa da, hautu politiko tinkoak behar dira; baina aldaketa hori ez da Mendozaren eskutik helduko. Ikustea besterik ez dago Imanol Haranbururi egindako gurutzada mediatikoa edota LEParen inguruan izandako jarrera.

Gobernuak onartu du azkenik hezkuntza arloko LEPa. Gaizki hasi eta okerrago amaitu da afera. Izan ere, Gobernuak hasieratik azalpen argiak eman ez izanak aitzakia eman die hainbat sektore politiko eta sindikali izugarrizko zurrunbilo mediatikoa sortu eta presioa eragiteko, Gobernuak hasierako proposamenean atzera egiteraino.

Gobernua sustengatzen duten alderdien artetik Izquierda-Ezkerrak eta Podemosek, batetik, eskuin mediatiko eta politikoak, bestetik, eta Erregimenari lotutako sindikatuek, CCOO bereziki, konfrontazio politikoaren erdigunean jarri dute afera. Gobernua ez da gai izan bere hitza bete eta urratsa emateko. Horri gehitu behar zaio, gainera, Estatuak LEParen zati bati jarritako helegitea, kolokan jarri duena, berriro ere, Nafarroan hartutako erabakiak gauzatzeko gaitasuna eta LEParen proposamena baldintzatu nahi izan duena. Mendozak egin lezakeen onena etxerako bidea hartzea litzateke.

Erasoa ez da horren argia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara salto egiten badugu. Noraezean eta inongo hezkuntza politikarik gabe zegoen PNVren Hezkuntza Sailak egitasmo "berri" bat aurkeztu zigun duela ia 4 urte: Heziberri 2020. Hasieran, behintzat, LOMCEri aurre egin eta "gure hezkuntza" defendatzeko tresna gisa aurkeztu zitzaigun. Cristina Uriartek, berak, hainbat titular utzi zizkigun "LOMCE ez da gure ikasgeletara sartuko", "LOMCEa oharkabean pasako da" edota "LOMCEren aurrean euskal hezkuntza blindatzeko berezko heziketa plana osatuko dugu" zioenean. Karamelu gozoa eta jokaldi interesgarria Jaurlaritzarena. Jokaldia bai, jokaldia, baina esanak ez du egiten izana.

Nondik dator Heziberrik daraman '2020' atzizkia? 2020 hori EU2020tik dator. Alegia, hasierako paragrafoa (gaztelanieraz): "Europa 2020: Una estrategia para el crecimiento inteligente pretende que Europa salga fortalecida de la crisis y convierta a la Unión Europea en una economía inteligente, sostenible e integradora, que disfrute de altos niveles de empleo, de productividad y de cohesión social".

Heziberri eta LOMCE eskutik helduta doaz, EU2020ri erabat lotuta. Beraz, esan genezake Europari begirako plana dela, erabat merkantilista, errotutako eredu ekonomiaren eta produktibitate hutsaren mesedera, lehenengo paragrafo horretan argi adierazten den bezala. PISAren emaitzei so eta menpeko, gainera.

Gauzak horrela, LOMCE behin onartua eta gure ikastetxeetan bere aplikazioa erabat errotuta, curriculum dekretuen zirriborroa kaleratu zuen Uriartek. Argi gelditu zitzaigun guztioi kaleratutako dekretu hura LOMCEren kopia hutsa izan zela. PPren eta Kristau Eskolen babesa lortu zuen soilik. Eta ordundik, gaur arte, kaleratu dituen behin betiko dekretuei dagokionean, aldaketarik ez. Nahasmena sortu eta kontrakoa esaten aritu bada ere, Uriartek LOMCE erabat asumitu eta aplikatu du.

Iaz 3. mailako azterketarekin egin zuten eztanda hezkuntza komunitateak eta familiek. Aurten, jarrera berdina hartuko dutela adierazi dute. Goraipatzekoa guztiz familiek eta herritarrek azterketa arrotzei planto egiteko egindako boteretze ariketa. Argi gelditu da Uriartek izan zezakeen zilegitasun apurra erabat galdu duela Wert-en euskal aurpegia bihurtuz.

Eztanda egin dio, gainera, eskola jantokien gaiak azken egunetan. Urteetan luzatu den ageriko iruzurra Jaurlaritzaren erantzukizun zuzena da. Catering enpresa bidezko egungo ereduak porrot egin du, nabarmen. Merkatu librean enpresen interesak leheneztu dira tokian tokiko merkatari, baserritar eta arrantzaleen kaltetan. Uriartek egin lezakeen onena etxerako bidea hartzea litzateke.

LOMCEren kontrako adierazpen asko egin eta entzun dugu. Dena den, bada unea adierazpenetatik praktikara salto egiteko. Norberaren zilbor, interes edota jardun propiotik Herri gisako estrategiak eta alternatibak behar ditugu. Norabide horretan irakaspen oso txukuna eraiki genuen modu kolektiboan Alternatiben Herrian, Arragoa auzoan. Ezker Abertzalean ere erronka hori dugu. Euskal Herrian behar dugun eskola ereduaren gaineko zutabe estrategikoak landu, bildu eta adostu nahi ditugu. Korapilo asko dugu gure baitan baina txikitasunetik abiatuta, bakoitzak gure eragin esparruan tresna praktiko eta eraginkorrak sortu behar ditugu. Hezkuntzaren baitan biltzen garenon arteko esperientziak ezagutu eta elkar-trukatu behar ditugu. Euskal Herrian behar dugun Hezkuntza Sistema Propio, euskaldun, herritar, hezkidetzaile, inklusibo eta publiko berria definitu nahi dugu. Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntza abian jartzeko unea da. Esanak ez baitu egiten izana.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.