ALBISTEAK

1970ean Francoren Erregimenak "Ley General de Educación" inposatuz geroztik Esapainiar Estatuko beste 7 hezkuntza lege pairatu ditugu Hego Euskal Herrian. UCDren aldetik 2, PSOEren aldetik 4, eta azkena, PPrena: LOECE, LODE, LOGSE, LOPEG, LOCE, LOE eta LOMCE.

Ondo daki estatuak, hezkuntza herri eta jendarte baten eraikuntzan zutabe nagusia dela. Horra hor urteetan eman dioten erabilera alderdikoi, doktrinatzaile eta asimilatzailea. Ez da kasualitatea, nolako hezkuntza, halako herria. Nolako hezkuntza, halako jendartea. Sistema kapitalista heteropatriarkarrak ikasleak ito egiten ditu, robot gisa hezten ditu eta fulltime bilakatzen ditu. Finean, etorkizuneko langile otzan, akritiko eta prekarioak nahi ditu. Hori da sistemaren helburua.

Egoera hau izanik, Euskal Herrian ere aipatutako guzti horren asimilaziorako darabilte hezkuntza. Nazio gisa ukatzen jarraitzen gaituzte eta jendarte gisa pasibo nahi gaituzte.

Txalotu egiten dugu, beraz, Ikasle Abertzaleek inposizioen kontra eta Euskal Eskola Nazionalaren alde deitutako mobilizazio eguna. Euskal Herriaren luze eta zabaleran milaka izango dira bestelako hezkuntza eredu baten alde kalera irtengo diren ikasleak. Ezkertiar, abertzale eta feministok, ikasleekin batera, hezkuntza herri burujabeen motore delako, borroka horretan elkarrekin arituko gara.

Gauzak horrela, Ikasle Abertzaleek deitutako baterajotze nazionalarekin bat egiten du Sortuk eta antolatutako mobilizazioetan parte hartu dezan dei egin nahi diogu jendarteari.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.