ALBISTEAK

Iragan astean kaleratu zuen Hezkuntza Plataformen Topaguneak albistea: 120 ikastetxek ez dute LOMCEk ezartzen duen 3. mailako azterketa egingo. Kopurua, gainera, handituz doa egunez egun eta dagoeneko gainditu du eskolen %25a. Zoriontzeko da hezkuntza arloan iaz bezala ematen ari den LOMCE bezalako lege arrotz baten aurrean erantzun desobedientea.

Cristina Uriartek legitimitate guztia galdu du, berriz. Ez du ikastetxeen babesik, argi dago. Gainera, LOMCEri izen propioa eman dio PNVk: Heziberri. Uriarteren sailak asumitu egiten du LOMCE eta horrek dakarren ebaluazio sistema uniformatzaile, atzerakoi eta zentralizatzailea. EAEko Hezkuntza Sailburuak LOMCE aplikatu besterik ez du egin 3 urte luze hauetan, beraz, egin lezakeen onena dimititzea litzateke.

 Hau horrela, ikasle, familia eta irakasleak erakusten ari diren tinkotasun berdinarekin, Sortun, inposatu nahi diguten 3. mailako azterketa horri planto egiteko deia egiten dugu. Norabide honetan antolatu diren ekimenak babesteko konpromisoa agertu nahi dugu, berriz ere.

Nafarroan ere egoera parekoan jarraitzen dugu. Aldaketa eza dator Hezkuntza Kontseilaritzatik. Jose Luis Mendozak aipatu azterketa egiten jarraituko du. Sortun, hainbat eragilek eta sindikatuk aldarrikatutakoaren ildotik, LOMCE aplikatzeari utzi eta Nafarroarako hezkuntza marko propioaren eztabaidari ekin diezaiola exijitzen diogu Mendozari.

LOMCE eta Heziberriri planto egiteaz gain, gaurdanik gure hezkuntza sistema eraikitzeari ekin behar diogu. Hori izango baita desobedientzia erresistentzia parametroetatik eraikuntzara bideratzea. Lege inposatuei planto egin eta gure eredua gaurdanik eraiki behar dugu. Betseak beste, Euskal Herrian gure behar eta berezitasunetara egokituko den nahi eta behar dugun ebaluazio sistemaren inguruan eztabaidatu behar dugu.

Ezin gara erantzun plano hutsaletan blokeatu, hor nahi gaitu eta estatuak, LOMCEren kontrako jarrera horretan. Guk, gure eredu propioa eraikiz egin behar diegu aurre inposizioei, horrela, egunez egun arituko gara Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen.

Horretan ari da hezkuntza mugimendua, bestelako hezkuntza eredu baten aldeko eraikuntzan, batez ere maila lokalean, gure ikastetxe, auzo eta herrietan. Zentzu aldarrikatzailean eta festa giroan, gainera, maiatza eta ekainean hezkuntza jaiak ditugu. Hezkuntza Sistema Propioaren alde festa hauetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu Sortutik.

lomce-Heziberri

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.