ALBISTEAK

Josu Larrea eta Ikoiz Arreseren iritzi artikulua, Sortuko Hizkuntza eta Hezkuntza arduradunak, hurrenez hurren:

Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik». Hala adierazi zuen Joxean Artzek. Bai, baina... diogu. Bai, euskaldunon betebeharra hizkuntza bera erabili, gozatu, hedatu eta bizirik mantentzea delako. Baina..., gure hizkuntzaren biziraupenaren ardura bakarra ez delako euskaldunona. Ez dakitenek ikas dezaten, funtsezkoa den euskaldunon erabilera konplexu gabekoaz gain, berebiziko papera jokatzen dute eragile eta instituzio ezberdinek. Izan ere, erantzukizun nagusia administrazio publikoena da, izatez, joan den astean Xabier Rojok idatzitako hitzak aintzat hartuz, hizkuntza politika egitean politikaz arduratu eta hizkuntzaz ahaztu zirenena (eta ahazten direnena) da.

Otsailaren 3an hasi da aurten matrikulazio kanpaina. Beste urte batez, datorren ikasturterako ikasleak zein hizkuntza eredutan matrikulatuko diren erabakitzeko unea da. Ukatua den Euskal Herrian eta bere lur eremu osoan euskara ofiziala ez den honetan, matrikulazioak tramite hutsa baino, edukiz eta argudio soziokultural eta politikoz betetako ekintza beharko luke.

Gainera, espainiar Estatuaren asimilazio estrategiak hezkuntzari, eta horrekin euskarari, erasotzeko aspaldiko unerik gorenean kokatzen den testuingurua dugu aurtengoa. Madrildik eta Paristik bakarrik ez, mesprezuak eta erasoak Uriarte eta Iribas Hezkuntza sailburuen esku ere badatozkigu.

Agerikoa da ereduen eztabaida gehiengo zabal batek etengabean mahaigaineratu duela azken urte luzeetan. Ez dago euskalduntzea bermatzen duen eredurik. Bat bera ere ez. A, G, TIL-PAI ereduek ez dute euskalduntzen. B ereduan ikasleen 2/3ak ez dira euskalduntzen. D ereduan 1/3 ez da euskalduntzen.

Datuok kezkagarriak izanik, gobernu ezberdinek ez dute deus egin euskalduntzen duen eredu bakarraren alde. Are gehiago, Euskal Autonomia Erkidegoan PSEko Celaa-ren HiruEle programak euskara bigarren mailako bilakatu nahi izan zuen ingelesaren mesede. Hezkuntza eragile andana planteamendu horren kontra agertu zen. Egun ere, Uriarte sailburuak mahaigaineratutako Heziberri 2020 programarekin, euskarari emandako trataera lotsagarria da, atzerapausoa. Zer espero daiteke «XXI. mendeko euskal jendartea eleaniztuna dela» esaten duen testu batetatik? Ezer ez.

EAEn familien gehiengo absolutu batek haurrak D ereduan matrikulatzen ditu. A eta B ereduetako matrikula kopurua gutxituz doa urtetik urtera. Gauzak honela, Heziberri 2020 bezalako sasi-programa bultzatu ordez, behingoagatik ardura politikoz jokatu eta euskarazko murgiltze ereduaren alde egin beharko luke Uriartek. Baina berriz ere, zer espero daiteke eskolako emaitza eskasak elebidunoi eta etorkinei leporatzen dizkigun Hezkuntza sailburu batengandik?

Nafarroan, egoera larriagoa dugu. Gaur 27 urte PSNk inposatutako Ley del Vascuence delakoa, azken hamarkadan UPNk baliatuta, euskararen kontrako lege arrotza izan da. Zonifikazioaren ondorioz euskara ez da Nafarroako lurralde osoan ofiziala eta horrek hizkuntzaren ikaskuntzan zein erabileran atzerapen eta muga ikaragarria dakar.

Gainera, azken asteetan, euskararen, D ereduko irakasleen eta euskal hezkuntzaren kontrako sorgin ehiza esponentzialki biderkatu da. Eskuin muturreko sektore ezberdinek bultzatuta, Guardia Zibilak D ereduko irakasleen kontrako ikerketa txostena abiarazi eta hauek kriminalizatu nahi izan ditu.

Hori, baina, kriminalizazio ahalegin mediatikoa/politikoa izan da. Benetako arreta euskaraz ikasi nahi dutenen eskubideen urraketa agerian uzten duen fokua desbideratzeko baliatu dute. Matrikulatzean, benetako arazoa Nafarroan euskara lurralde osoan ofiziala ez izatea da. Honekin, euskaraz ikasi eta bizi nahi duenak traba etengabeak topatzen ditu bidean: masifikazioa eta espazio falta heziguneetan, auzoetako eskaintza eskasa... eta hori gutxi balitz, sare publikoan bultzatzen ari diren eredu berria: PAI (Programa de Aprendizaje en Inglés).

Euskara baztertu asmoz eta ingelesa txertatzeko gozokiaz baliatuz TIL eredua bultzatu zuen Nafarroako Gobernuak. Orain, oinarrizko helburuak bete ez dituela ikusi dutenean, PAI delakoarekin datoz. Iaz hasi zen eta aurten herrialdeko 60 ikastetxera hedatzeko asmoa du Iribasek.

Egoerak baina, I-Ek aurkeztutako mozio batera garamatza. Hizkuntz ereduen arteko ustezko bizikidetza omen du helburu. «Getizazioarekin» bukatu nahi eta eredu guztietako ikasleak nahastu nahi ditu mozioak «bizikidetza» sustatu nahian. Zer bilatu nahian dabiltza Izquierda-Ezkerra eta Geroa Bai UPNri horrelako mesedea eginez? Zergatik egin dute Barcinaren hizkuntz politikaren kontra (ustez) dauden indarrek horrelako proposamen bat babesteko hautua?

Ikasleen artean inongo bizikidetza arazorik ez dagoenean, lan guneak, kirol instalazioak, jantokiak, eta abar konpartitzen dituztenean, euskaraz bizi nahi duen ikasleari are eta traba gehiago jarriko zaizkio.

Abagune guzti honetan diogu D eredua bai, baina... Bai, egun eraikitzen jarraitzeko eredua delako eta dugun errealitatean oinarrituta ikasle guztiak euskalduntzera gehien hurbiltzen dena delako. Baina..., ereduen politika agortua dagoelako eta D ereduak berak ez duelako behar beste euskalduntzen; arduraz, euskarazko murgiltze eredua behar dugulako.

Denon ardura da: ikasgeletatik hasita, hezigunetik pasa, herrietaraino. Auzo eta herriena inguru guztiak parte har dezan: kirol elkarteek, kultur eragileek... Udalerriek zein administrazio ezberdinek plan berezituak osatuz, ingurune soziala aztertuz, hizkuntza planak zehaztuz... Denon ardura.

Euskaldun eleanitzak hezteko badago jendartean eta hezkuntza eragileen artean kontsentsu zabalez adostutako proposamena: Euskararen Kontseiluaren «Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen» izenekoa. Har dezagun mahai gainean dugun aukera eta balia dezagun Euskal Herri euskaldunean geure seme-alabak eta ondokoenak, denok, izan gaitezen.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.