ALBISTEAK

Iritzi artikulua: Josu Larrea eta Ikoitz Arrese, Sortuko hizkuntza eta hezkuntza arloen arduradunak

Nafarroan euskarak eta euskaldunok pairatzen duguna ezaguna dugu. Erasoak eta trabak pilatu egiten dira, elkarri zangotrabarik ez, baina euskaldunoi eta euskarari berari oztopo ugari pilatuz. Eta guztiaren gainetik geure hizkuntza, kultura eta nortasuna desagertzeko asmo argia eta saio etengabea badago ere, azpian, zoruan, lurrean, lurraldean, inon ematen ez den zatiketa ulertezina eta onartezina ematen da: zonifikazioa.

25 urte luze dira euskara heriotzera kondenatzea helburu zuen legea onartu zigutelarik. Zigutelarik diogu indar abertzalerik gabeko eztabaidan, madrilen erabaki zutelako foru amejoramenduak barnebilduko zuen euskararentzako banaketa linguistikoa zein izan beharko zen arrerantzean. Eta emaitza horrelakoa izan zen: zonalde euskalduna eta zonalde ez-euskalduna. Gerora zonalde mistoa gehitu zitzaiona.

Urteetako bazterketa honen ondorioz, nola uler daiteke norberaren udalerrian eskolak izanda egunero dozenaka kilometro (eta denbora luzea) eman behar izatea umeak euskaraz hazteko eta hezteko? Zelan hartu behar dugu norberaren hizkuntz eskubideak agintarien buruetan ezik inon ikusten ez diren marrek mugatzea herrialde berean? Hau da, beratarra banaiz nire eskubideak Iruñeararino helduko dira baina Tuterara ez? Zein logika du horrek? Oso erraza: desagerrarazi nahi den hizkuntza, alegia, sentimendua, identitatea, unibertso sinbolikoa... (galdetu bestela Leitzako Olentzeroari) mugatzea, zati bat kenduta hurrengoan desagerrarazte bideari ekiteko.

Eta zatiz zati, arloz arlo, herriz herri, euskararen kontrako ekinak mugagabea dirudi Nafarroa Garaian. 'Lingua Navarrorum' arrotz gisa hartuz eta etsaitzat tratatuz, unibertsalitatea eta mundu zabaleko ikusmira aldarrikatzen diren bitartean, D ereduko irakasleei (aritu ahal diren tokietan) militarren zelatatzeak, bizikidetzaren izenean euskararen arnasgune apurrak desegin nahia, doakoa beharko lukeen euskalduntzeari diru laguntza guztiak kentzea eta abar luzea.

Eta berdin dio ordainak, berdin dio arriskuz beteriko errepideetako kilometro guzti horien ondorioz umea bidean hiltzen bada, zoritxarrez gertatu izan den bezala; berdin dio norbera egoera absurdoetan eta debaldeko ahaleginetan mugitu behar bada. Edo ez, hobe horrela, arinago emango du amore eta, euskaldunak; ikaragarrizko traba guzti horiekin baliteke euskaraz ikasi nahi ez izatea eta!

Gainera, agintari espainolistenen sorgin ehizarekin nahikoa ez bagenu, diru lapurretan eta ustelkerietan itota dauden horien bazterketarekin gutxi ez, eta euren burua euskalduntzat jotzen duten Geroa Bai-koak hizkuntz eredu ezberdinen arteko ustezko bizikidetza arazoak ekidin nahian euskara alboratzeko proposamena babestu zuten. Gure hizkuntzari kaltea eragingo dion neurria besterik ez da eskoletan eredu ezberdinetan ikasten duten umeak nahastearen proposamena.

Ezin ahaztu madrilek Hego Euskal Herrian duen ordezkariaren bitartez asken asteetan euskaraz bizitzearen aldeko hautua hartu duten udaletxeen kontra abiarazitako inposizioa. 2014an, oraindik orain, euskarak pairatzen duen jasarpena duela 50 urteetako berdina izaten jarraitzen du, zoritxarrez.

Baina ez, badu zerbait hizkuntzak gogor itsasten zaiguna gogoan. Horren froga orokorra: euskarak gaur arte bizirik iraun izana. Zehatzagoa: Nafarroako hegoaldean familia euskaldunek eta euskaltzaleek egunez egun eta urtez urte egiten duten ahalegina.

Eta hor dago gakoa: kontzientzian eta hori garatzeko ahaleginean. Hori guztia dela eta, doakiola gure miresmena zonifikazioa pairatzen duten guztiei: ikasle, hezitzaile eta familiei; eta baita hezkuntza osoagoa, asegarriagoa eta euskalduna lortzeko eta lantzeko ahaleginetan dabilen Sortzen elkarteari.

Horregatik guztiagatik, gu ere Euskararen herria josten ari garelako, apirilaren 13an, Oibarren izanen gara, euskara ardatz izanen duen hezkuntza sistema propio baten alde. Zatoz zeu ere!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.