Marije Fullaondo, Maite Sabalza eta Oiakue Azpiri, Sortuko Politika Feministako lan taldearen izenean:
Mundua ikusteko haustura planteatzen duen ikuspegia da feminismoa. Eta Ondarroan datorren abenduaren 13an egingo diren Topaketa Feministek aukera emango digute, batetik, diagnostiko konpartitu bat eraikitzeko eta trantsizio feministarako gakoak aztertzeko, bestetik.
Feminismoaren ekarpena ezinbestekoa da gure askapen-prozesuan. Burujabetza politikoa eta ekonomikoa lortzeko lan egiten dugu, burujabe eta buruaski izan gaitezen esparru guztietan, kolektibo gisa eta baita pertsonalki ere. Horrek eramaten gaitu, ezinbestean, egiturazko kateak identifikatzera, patriarkatuaren, kapitalaren eta inperialismoaren dinamikak ezagutzera, kate hauek apurtu eta kateetan baino laguntza-sareetan oinarrituko den eszenatoki bat sortzeko. Horrek garamatza makroa eta mikroa aztertzera, egiturek gure bizitzak baldintzatzen dituztelako baina, aldi berean, etengabe birsortzen ditugulako. Feminismoak aspaldi nabarmendu baitzuen, pertsonala politikoa dela, eta politikoa pertsonal. Dena dago lotuta eta behartuta gaude gure begirada zorroztera, kolore anitzetako betaurrekoekin errealitatea aztertzera, betaurreko moreak ahaztu gabe.
Feminismotik lan asko egin dugu. Porrotetatik ikasten ohituta gaude eta garaipen batzuk ere lortu ditugu. Baina zenbatetan ez ote dugu pentsatu ondo ari ote garen, eraldaketarako gakoetan eragiten ari garen edo, kontrara, ñabarduretan eragiten soilik ez ote garen ari. Era berean, parekidetasunean aurrerapausoak ematen ditugun neurrian, emakumeen zapalkuntza mantentzeko estrategia berriak sortzen dira, askotan are indar handiagoarekin. Askapen-prozesua ez baita ez erraza ezta lineala ere.
Bestetik, krisialdiaren ondorioak lazgarriak dira, baina ikuspegi feministatik honakoak lirateke ondorio nagusiak: emakumeoi inposatutako subsidiarietateak denetariko diskriminazio eta eskubide urraketak inplikatzen ditu, lan-munduan barneratu eta parte hartzeko, jendarte babes esparruan zein zaintza eta etxeko arduren sozializazio eta banaketan. Herritarron bizi-baldintzak kaskartzen dituen prozesu batean murgiltzen gaitu sistemak. Prekarietate egoeretatik esklusio egoeretara pasako gara herritar sektore ugari, gehienak emakumeak.
Krisialdiaren ondorio asko aipa ditzakegu; baina, herri-sektoreentzat ondorio ekonomiko larriak ez ezik, botere-harremanak betikotzea eta sakontzea ere badakar krisialdi honek, jendartearen antolaketa-ereduan horrek suposatzen duen guztiarekin. Bestetik, parekidetasunaren aparientzia edo itxura nagusitzen da esparru askotan eta politika instituzionalean nabarmen.
Aldaketa garaiak bizi ditugu, horregatik uste dugu egitea bezain garrantzitsua dela, noizean behin, geldialdi bat egitea eta denon artean hausnarketa pausatuagoa egitea, aztertzeko zein egoeran gauden gaur egun, zertan egin dugun aurrera, zertan atzera, eta pertsona askez osatutako Euskal Herri askea egiteko beharrezkoa den trantsizio feminista nola egingo dugun pentsatzea.
Trantsizio feminista zertarako? Aldaketa garaiak bizi ditugun honetan, demokraziaren debaluazioaren aurrean alternatibak marraztuz estrategia feminista birdefinitu behar dugu eta berau gure tresna bilakatu. Demokraziaren aldarrikapena egitetik, demokrazia eredu hau deseraiki egin behar dugu, oinarri sendoago batzuen gainean eraikitzeko, esklusiorik gabe, feminismoak historikoki demokratizazioari egindako ekarpena aintzat hartuz. Demokrazia despatriarkalizatu behar dugu eta, zentzu horretan, feminismoak egin dizkion ekarpenak maila teoriko-ideologikoan eta praktika politiko eta organizatiboan aintzat hartu. Praktika politikoari feminismoak egindako funtsezko ekarpena, lelo klasiko batean laburbiltzen da "pertsonala politikoa da". Demokrazia feminista definitzerakoan hainbat elementu kontuan izan behar dugu, lehen esan bezala, erdigunean pertsona jarriz eta pertsonala dena politikoa dela kontuan izanik, emakumeek bigarren mailako herritar izateari uztea gako nagusietako bat da eta egungo botere-harreman nagusiak apurtzea da demokrazia feministaren oinarrietako bat.
Garai berrietan aldaketak beharrezkoak ditugu. Euskal Herri berri bat sortzeko bideari ekin diogu eta bide horren norabidea zehazterakoan feminismoa izan nahi dugu ipar nagusietako bat.
Zer da trantsizio feminista? Aurreko hitzetan argitua geratu dela uste dugun arren, ezinbestekoa dugu esatea euskal bidean lagun nagusia izan behar duena. Eta zergatik? Feminismoaren ekarpenak ezkerreko ikuspuntua bermatuko duelako.
Emakumeok geure burua ahaldundu behar dugu, lehen lerroko aktore politiko izateko. Politika alderdi politiko, hauteskunde eta instituzioak baino askoz gehiago delako. Eragile politiko nagusia herria eta herritarrak dira, emakume eta gizonak. Emakumeon subsidiaritate egoera aintzat hartu eta berau gainditzeko estrategia txertatu behar dugu gure egiteko politikoan. Subjektu politikoak izan behar gara eta beharrezkoa den prozesu honetan modu aktiboan parte hartu, feminismoak ala exijitzen digulako. Kultura politiko berri baten beharra aldarrikatzetik gauzatzerako salto horretan, aukera-berdintasunean oinarritzeaz harago, feminismoaren ekarpena aintzat hartzea inplikatu behar du.
Hobeto bizitzeko demokrazia behar dugu. Hobeto bizitzea, denon beharrak aseta egongo diren momentuan emango da. Asko teorizatu daiteke honen inguruan, baina aurretiko kontsiderazio bat dago, alegia, jendartearen erdia kontutan hartuko duen eraldaketa sustatu behar dugu, bestela ez da egongo ez ongizate komunik, ez eta demokraziarik ere.
Jendarte justuago eta eskubide- eta aukera-berdintasuna ahalbidetuko duen eredu bat bermatzeko beharrezkoa izango da ezkerreko emakumeen arteko aliantza feminista eraikitzeko lan egitea, interbentzio politikorako espazio komunak sustatzea eta subjektu feministari izaera sozio-politikoa aitortzea. Bide honetan ezinbestekoa izango da aliantzak sustatzea mugimendu feminista eta ezkerreko indar subiranisten artean.
Lerro hauen bitartez emakume feminista, ezkertiar eta abertzale moduan euskal feminismoaren etapa berri honetan ere gure ekarpena egin nahi dugu eta Ondarroan egongo gara ideiak konpartitzeko, beste hainbat emakumeekin eztabaidatzeko eta baita orain eraikitzen ari garen bide honetan ekarpena egin ahal izateko ere.
Trantsizio feministarako gakoak Euskal Herriko emakume abertzale eta feminista guztion artean bilatu behar ditugu, hausnarketa kolektiboa behar du izan, elkarren artean egindako hausnarketa elkarrekin praktikan jar dezagun hemendik aurrera. Denok dugu zer esana, denok gara beharrezkoak. Eta Ondarroan dugu hitzordua abenduaren 13an.
Ondarroan ereindako haziak ekar dezala etorkizun hobeago bat.