Abian eztabaida prozesuaren ostean, Ezker Abertzalea gogoeta zein antolakundeen birfundazio prozesuetan murgilduta gauden une hau, ezin hobea da Prozesu Feminista mahaigainera ekartzeko. Askapen mugimenduaren sorreratik bertatik, feministok bertan eragiten saiatu gara, modu batean edo bestean, eta eraginkortasun handiagoz edo gutxiagoz. Horren adibide izan ziren KAS Emakumeak, Aizan eta Egizan. Edonola ere, eraldaketa feminista mugimendu osoaren ardura eta erantzukizuna izan behar zenaren jakitun, 1998an Prozesu Feminista abiatu zuen Ezker Abertzaleak. Hainbat hausnarketa eman baziren ere, aipatzekoa da Ezker Abertzalea subjektu feminista bilakatzeko zama antolakunde feminista bakarraren esku utzi beharrean, zeharlerrokotasunaren aldeko apustua egin zela, antolakunde bakoitzak konpromiso desberdinak hartu zituelarik.
Hortik aurrera, Prozesuak bi norabide desberdin hartu zituen, bata Ezker Abertzalearen baitan, eta bestea mugimendu feministan. Edonola ere, azken urte luzeetan, oztopo desberdinak tarteko (ilegalizazioak, lehentasunak, transmisio falta...) garapen gorabeheratsua izan du. Aipatzekoa da urte gutzi hauetan LAB-ek prozesua etengabean mantzentzeko izan duen gaitasuna, eta bai Sortu bai Ernai sortu zirenean, modu desberdinetan bada ere, proiektu feministarekiko gure egin genuela. Bestalde, mugimendu feministaren garapena, aliantzei dagokienez zein jendartean erreferentzialtasuna eta aitortza irabazteari dagokionez, etengabea izan da, azken urteetan bereziki.
Guzti horrek Prozesu Feminista sortzeko baldintza ezin hobeak sortu ditu, zegoen beharrari gehitu zaizkion baldintzak. Horri erantzun dio gaur Durangon egin dugun saioak. Gogoa ere agerikoa izan da: 250 emakume inguru batu gara, aspaldiko partez elkar ikusi, erronka honi aurre egiteko geneuzkan baldintzak aztertu, eta hurrengo urratsen oinarriak jartzeko. Lurralde, belaunaldi, bizipien eta militantzia eremu desberdinetako emakumeak. Gure konpromiso politikoaz gain, eraldaketa feministak herri mugimenduan oraindik egiteke duenaren gaurkotasuna agerian uzten du kopuru horrek. Jendartea zein Ezker Abertzalea asko aldatu badira ere, 90eko hamarkadan egindako diagnostikoan jasotako elementu askok denboran iraun dute, eta aukera eta oztopo berriak gehitu zaizkie.
Bada garaia beraz erronka honi ekiteko! Herri feminista bat eraiki nahi duen mugimenduak, ezinbestean feminista izan behar du eta: helburua bezain garrantzitsua da bertara iristeko prozesua. Horregatik, atzera begira jartzeko aukera izan dugu gaurkoan: prozesu feministaren hastapenak bergogoratu ditugu, ibilbidea errepasatu, eta utzi dizkigun baldintzak aztertu. Prozesuaren hurrengo urratsen abiapuntu izango den lurzorua identifikatzen hasi gara, aukerak eta arriskuak kontuan hartuz, eta aurrera begira jarri gara, prozesuak eduki beharko lituzkeen oinarri eta ezaugarriak pentsatzen. Lantaldeetan zein plenarioetan ekarpen desberdinak jasotzeko aukera izan dugu, garrantziaz, erronkez, beldurrez eta ilusioaz. Antolakundeetako kideenak, mugimendu feministako kideenak, herri mugimendukoak zein kartzelakoak. Ekarpen gehiago egiteko aukera izango dugu hemendik aurrera ere. Gaurkoa bide luzeago baten hasiera izan da eta. Orain, eskualdeka ezker abertzaleko emakumeok batuta, testuinguruaren azterketan sakondu, eta prozesua definitzen hasiko gara, martxoaren 11n berriro ere batu eta Prozesu Feministaren bide orria denok elkarrekin definitzeko.