Sorturen irakurketa
Gobernu espainiarrak aurkeztu berri duen abortuaren legearen erreformak emakumeen eskubideen gaineko murrizketa dakar. Murrizketa honen motibazioa ideologikoa da guztiz (Estatu espainiarreko sektorerik atzerakoienak, ultrakatolikoak eta ultraeskuindarrak, asetzeko egina) eta emakumeoi gure gorputzaren gainean dugun erabakitzeko eskubidea eta kontrola kentzea du helburu.
Abortuaren aldeko borroka estrategikoa izan da mugimendu feministarentzat eta historia luzea du; mugimendu feministak 30 urte baino gehiago daramatza abortu librea eta doakoa aldarrikatzen. Historikoa baita, era berean, emakumeen gorputzak, bizitzak, portaera eta sexualitatea kontrolatzeko Estatuen, Elizen eta, oro har, gizonen ahalegina. Abortua (antisorgailuen erabilera bezalaxe) delitu izatetik eskubide izatera gerturatu bada, 70. hamarralditik aurrera mugimendu feministak egindako borrokari esker izan da. "Gure gorputza, gure erabakia" aldarrikatu zuten gure ama-amonen belaunaldiek, abortatzeagatik preso zeuden emakumeen amnistia lortzeko, antisorgailuak legeztatzeko, abortua eskubidetzat onartzeko, emakumeak eta osasun-arloko langileak kriminalizatu eta epaitzeari uzteko... Basauriko 11 emakumeen epaiketak (1982) ondo baino hobeto laburbiltzen du emakumeen kontrako jazarpena eta mugimendu feministaren borroka.
Sortuk, Euskal Herri feminista helburu, emakumeen erabateko askatasunik gabe guztion askatasunik ez dagoela sinetsita, abortatzeko eskubidearen alde egitea bere zeregin nagusien artean dauka. Emakumeen gorputzak ez dira emakumeenak ez besterik, eta horixe dago jokoan: emakumeen gorputzaren jabetza eta kontrola. Emakumeek aske izan behar dute edozer/zernahi izateko. Ezin zaie ama izatera behartu eta orain arteko menpekotasun-rola inposatu: ama goxo eta langile, emazte-maitale eder eta langile, guztiaren gainetik zaintzaile, besteen zerbitzura beti. Emakumeon sexualitatea ugalketara, hots, amatasunera mugatu nahi izan du sistema patriarkalak baina gaude ez ote den hori berriz inposatzeko den beranduegi; ondo ikasia baitugu (eta ikasten jarraitu nahi dugu) zeinen ederra den gure gorputzaz gozatzea. Ama izatea aukera bat baita, baina ama ez izatea ere bai. Edo hala behar luke behintzat. Edozein modutan, emakumeei dagokie erabaki hori hartzea eta erakunde publikoei eskubide hori bermatu eta babestea.
Laburbilduz, emakumeon gorputza eta honen gaineko kontrola eta erabakia ez dagokie ez Eliza, ez eragile politiko ezta tribunal medikuei ere. Norberaren gorputza eta bizitzaren gaineko erabakia eta kontrola norberarenak behar du izan.
Abortatzea erabaki askea eta eskubide unibertsala izan dadin, nahitaez izan behar du doakoa eta erakunde publikoek babestua. Osasun-sistema publikoak eman behar du horretarako aukera eta, horretarako, zentro guztietan eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren bitartekoak jarri behar dira.
Oker gaude abortuaren legea aldatzeak abortuak desagertzea ekarriko duela uste badugu; ez baitu ekarriko abortatzeko baldintzak okertzea besterik, emakumeei egoera zailtzea, emakumeak kriminalizatzea eta estigma. Ondorioak, ordea, ez dira berdinak izango guztientzat. Klase sozialak markatuko du emakumeen patua: zu atzerrira, zuek sukalde ilun horretara. Legeak debekatzen diena diruak ahalbidetuko die batzuei, atzerriko kliniketako ateak irekiz. Gehienek, ordea, klandestinitatean abortatu beharko dute, haien osasuna eta bizitza arriskuan jarriz.
Gobernu espainiarrak "jaiotzeke dagoenaren" izenean egin nahi omen du lege-aldaketa. Kuriosoa da Gobernu hau; "jaiotzeke dagoenaren" eskubideak hainbeste babestu nahi dituena eta haurrak jaiotzen diren unetik haien eskubideez eta beharrez ahazten dena. Murrizketa sozialak eguneroko ogia dira eta langileon eta herri sektoreon bizi-baldintzak estutzeko eta okertzeko neurriak hartzen ari da egunero. Bizitzeko eskubidea baino, bizitza duina izateko eskubidea da defendatu beharrekoa; bizitzeak merezi duten bizitzak nahi ditugu.
Moral atzerakoia eta patriarkatuaren ideologia, emakumeak menpeko nahi dituena, lege bihurtu nahi dute, guztiontzako arau. Emakumeek obeditu dezaten, emakumeak adin txikiko balira bezala, beraien kabuz erabakitzeko ez gai, emakume askeak zigortu eta errudun sentiarazi.
Murrizketa larri honen aurrean, gure posizioa argia da eta argi adierazi behar dugu esparru guztietan. Gure gorputza gurea dela aldarrikatuko dugu eta horrela izan dadin lan egingo dugu.
Agur eta ohore, azken hamarkadotan emakumeok gure gorputzen jabe izan gaitezen borrokatu, sufritu eta zuen ondar alea jarri duzuen guztioi. Zuengandik jaso dugu askatasun-grina eta lekukoa heltzeko prest gaude. Beste gorputz batzuk, baina borroka berbera. Borrokatzeko modu ezberdinak, baina aldarri bakarra: gure gorputza, gure erabakia.