ALBISTEAK

Baliabideak
Kartela PDFan

Gaurkoan hainbat preso politiko ohi, senide eta Sortuko kide elkartu gara datorren abenduaren 27an Martuteneko espetxera egingo den martxa aurkezteko.

Hainbat bider salatu dugun moduan, gatazkaren konponbidearen aurkako tresna gisa erabiltzen du Gobernu espainiarrak espetxe politika. Presoen eta euren senideen eskubideen urraketaren bidez, gatazka betikotu nahi du Madrilek, Ezker Abertzalea eta askapen prozesua iraganera kateatuz.

Nabarmenak eta lazgarriak dira PPren gobernuak euskal preso politikoei ezartzen dien politikaren ondorioak: senide eta lagunak astebururo erruleta errusiarrera kondenatzen dituen sakabanaketa, muturreko isolamendua, larriki gaixorik dauden presoak espetxean mantentzea... Bereziki salagarria da gaixorik dauden presoekin Gobernu espainiarrak duen jarrera: espetxe politikaren ankerkeriaren neurria ikusten da hor.

Hau honela, Sortuk beharrezkoa ikusten du euskal preso politikoen eskubideen aldeko borroka indartzea, espetxe politika kriminalaren aurka egitea konponbidearen alde jardutea delako eta noski, preso guztiak etxean behar ditugulako gatazka eta bere ondorioak behin betikoz isteko. Horretarako lehen urratsa presoen Euskal Herriratzea eta sakabanaketari amaiera ematea da, salbuespenezko neurrien desaktibazioarekin batera.

PPren espetxe politika kriminalarekin eta estrategia errepresiboarekin amaitzeko indarrak biderkatu behar ditugu: mobilizazio sozialen bitartez, babes eta presio politiko eta instituzionala indartuz... Hori da Sorturen konpromisoa eta norabide horretan eta arestian esan bezala, abenduaren 27an, igandea, Martuteneko espetxera egingo den martxa aurkezten dugu gaurkoan. "Askatasunaren bidean, euskal preso politikoak etxera!" lelopean bi zutabe aterako dira Donostia eta Hernanitik, Martutenen bat egin eta ekitaldi politikoa egiteko.

Deia luzatzen dugu martxan parte hartzeko eta bide batez, urtarrilaren 9an Bilbo eta Baionan egingo diren mobilizazioekin bat egiteko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.