ALBISTEAK

Tortura Estatuaren tresna izan da Euskal Herriaren kontra, Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izan ez dadin. Estatu espainiarrak tortura sistematikoki erabili izan du Euskal Herriaren eta euskal independentisten aurka bi helburu nagusirekin, bata atxilotuei egin nahi ez dituzten aitorpenak ateratzeko eta bigarrena atxilotuari berari eta ingurukoei izugarrizko beldurra sortzeko, jaki dezaten noraino iristeko prest dauden disidentziaren kontra "zuzenbide Estatuaren" defentsan.

Azken 40 urte hauetan ia 10.000 tortura kasu dokumentatu dira, eta milaka badira oraindik ere identifikatu gabeak. Horrek gerra estrategia bati erantzun dio. Euskal independentismoa zapuzteko estrategiari. Estrategia horrek herri honen askatasun egarria itotzea eta giza eskubideak modu bortitzez txikitzea zuen helburu.

Kolore guztietako gobernuek babesa eman diote torturaren praktikari. Kolore guztietako gobernuek poliziari, Guardia Civil-ari eta Ertzaintzari bide eman diote tortura erabiltzeko eta kasu gehienetan komunikabideek ere bestaldera begiratu dute tortura kasuak isilaraziz. Estatu espainiarrean Estatu itunak sinatu dira (Moncloa, Ajuria Enea) politikoki bide eman diotena torturari eta itun horietan PP eta PSOE egon dira baina baita PNV ere.

Torturak babesa aurkitu du bereziki salbuespenezko legedi antiterroristetan eta hauek posible egiten zuten inkomunikazioa. Hauekin bukatu beharra dago tortura desagerrarazteko.

Herri honetan bizikidetza benetako helburua baldin bada, egia ezagutu behar da. Zer gertatu zen, nork torturatu zuen nor, ardurak non dauden. Hori guztia jakin beharra dago, egia ezagutzeko eskubidea dugulako, eta etorkizuna gertatutakoaren ezagutzaren gainean eraiki ahal izateko.

Oharra; Sortuko ordezkaritza zabala presente egongo da otsailaren 13an Tortura salatzeko herrietan antolatu diren ekimenetan.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.