Gaur, larunbata, 19 egun bete dira Itziar Moreno euskal preso politikoari ezarritako zigorra salatzeko Fresnes-eko espetxean dauden euskal preso politikoek gose greba hasi zutenetik. Ekhiñe Eizagirre, Saul Curto, Ugaitz Errazkin, Xabier Goienetxea, Oier Ibarguren, Enrique Lopez eta Itziar Moreno dira gose greban daudenak. Jarraian, Osnyko, Meaux eta Il de Reko espetxetan dauden euskal preso politikoek elkartasun protestak abiatu dituzte Fresnes espetxeko presoei elkartasuna adierazteko.
Gaur, Sortuk antolatua, Fresnes-era martxa burutu dugu. Atzo Euskal Herritik dozenaka lagun abiatuko ziren Parisera, Frantziar estatuaren espetxe politikaren arduradunei bertatik bertara esateko nahikoa dela, espetxe politika kriminalarekin amaitzeko ordua dela.
Fresnes-eko kartzela aurrean kontzentrazioa burutu dugu, Parisko Elkartasun komiteko zenbat kideekin lagunduta. Ondoren Errepublika plazara joan gara eta bertan "Nuit Debout" ekimenean parte hartzen ari diren pertsonen artean esku-orriak banatu ditugu. Frantsesez idatzitako eskuorri honetan, Fresnesen dagoen egoera eta gose grebaren arrazoiak azaltzen dira, eta Estatu frantseseko kartzela politika gogor salatzen da.
Izan ere, Euskal Preso Politikoei ezartzen zaien kartzela politika eskubide urraketan oinarritzen da. Kartzela politika honek, bai estatu frantsesean baita espainiarrean ere, helburu bakarra du: presoen eta senideen sufrimendua areagotzea, eta bide batez, gatazka politikoaren konponbidea eragoztea.
Eskubide urraketa eta mendekua oinarri duen espetxe politikak euskal herritarron nahiarekin talka egiten du zuzen zuzenean. Euskal Herriko jendarte eta eragile gehienak, dispertsioa eta salbuespeneko neurrien aurka azaldu direnean, garaia da halako zigor neurriekin behin betikoz amaitzeko.