ALBISTEAK

Operazioak agerian uzten du, definitiboki, ETAren borondatea eta Estatuaren sabotajea, gure herrian bake aukera oro zapuzteko helburuz egiten duena.

Borroka armatua behin betikoz utzi ostean, ETA erakundeak bost urte daramatza bere esku dagoen guztia eginez amaiera ordenatu baten alde. Estatua aldiz, egiten diren urrats guztiak boikoteatzen ari da. Honen lekuko azken operazioa eta azken urteetan egindako operazio guztiak.

¿Baina, zertan datza azken operazioa? Armamentua desmantelatzeko makineria hartu dute eta gizarte zibileko ordezkari esanguratsuak atxilotu dituzte, inondik ere ETArekin kolaboratzeaz susmagarriak ez direnak eta bake justu, egonkor eta iraunkorra lortzeko kolaboratzeko prest agertu direnak.

Sortutik txalotzen dugu bakearen artisau hauen jarrera -gure herriaren gehiengoaren nahia ordezkatzen dutenak-, gatazkaren konponbidearen alde inplikatzeko prest agertu direlako eta, zeregin honetan, herri honen aurkako gerra ordezkatzen duten jaunei aurre egin dietelako.

Hauxe da bidea eta operazio honen atzean dagoen elementu berria: inplikatzeko prest, lehen lerroan kokatzen den gizarte zibila. Ezker Abertzaletik eta Sortutik bide hau bultzatzeari ekingo diogu, hitzetatik haratago ekintzen bitartez.

Ez daukagu inolako zalantzarik gerra-jaunek -Estatu espainiarra eta frantziarra- bakea saboteatzeko estrategia integralarekin jarraituko dutela eta, horregatik, Sortuk pentsatzen du aski da esateko garaia heldu dela. Euskal gizarteak bakea nahi du, bake osoa eta behin betikoa. Eta ezin dugu onartu bakearen etsaiek herri hau konponbiderik gabeko eszenatoki batera eraman dezaten. Ez dugu onartuko.

Aski da esateko ordua heldu da, bakearen alde esfortzuak biderkatzekoa eta, beraz, erasoaren tamainako erantzuna prestatzekoa. Gure herrian erabateko gutxiengoan dauden gerra-jaunek ezingo dute borroka hau irabazi, protagonismo eske datorren eta gehiengoa ordezkatzen duen gizartearen aurrean. Eta ziur gaude herri honek bakea eta askatasunaren bide osoa egitea lortuko duela, berandu baino lehen.

Bukatzeko, atxilotutakoei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu, besarkada handi bana eman, eta beraien berehalako askatasuna exigitzen dugu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.