Sara Majarenas euskal presoaren alabaren aurkako erasoa ezin larriagoa dela eta, hauxe adierazi nahi du Sortuk:
Lehenik eta behin Sortuk bere elkartasun osoa helerazi nahi die Sarari, alabari, senide eta lagunei une gordin hauetan. Aurrera!
Indarkeria matxistaren dimentsio bortitzena erakusten duen adibidea da Sara Majarenasen bi urteko alabaren hilketa saiakera, bere aitaren eskutik eman dena. 2016. urtean, indarkeria matxistaren ondorioz, zazpi hilketa gertatu ziren, eta horietarik hiru kasutan, erasotzaileek, bikotearekiko mendekuz, beren seme-alabak hil zituzten.
Pasa den astean, Portugaleteko hilketa salatzean esaten zuena berresten du Sortuk: ez gaude hilketa saiakera isolatu baten aurrean, XXI. mendean gizonemakumeen arteko dominazio-harremanek, eta patriarkatuak beraz, dakartzan ondorien aurrean baizik; eta ondorio hauei dagokionez, emakumeak dira kaltetuenak, baina ez biktima bakarrak.
Larunbatean 80.000 euskal herritarrek euskal preso politikoak Euskal Herrian izan behar dutela aldarrikatu genuen. Sara eta bere alaba Euskal Herritik 700 kilometrara sakabanatuta izan dira orain artean. Egoera honek amaitu behar du. Gaur, Sara eta alaba haien etxekoengandik eta lagunengatik gertu egon behar dutela aldarrikatzen dugu, erasoak izan dituen ondorioei ahalik eta baldintza hoberenetan aurre egiteko.
Eta, era berean Sararen kaleratzea eskatzen dugu. Sarak bere zigorraren 3/4ak beteta ditu eta, ondorioz, lege arruntaren arabera, kalean izan beharko luke, bere alabarekin libre bizitzen. Egoera honek agerian uzten du bestalde, egun euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen legediarekin amaitzeko premia.
Bukatzeko, Sortuk, Sara eta alabarekin elkartasunean eta eraso matxista berri hau salatzeko antolatuko diren mobilizazioekin bat egiten du. Bihar arratsaldeko 19:30etan Donostiako Bulebarrean Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deitutako elkarretaratzean izango gara.