ALBISTEAK

Sortuk Arabako Kontseilua aurkeztu du gaur Martxoak 3ko plazan. Azaldu duen bezala, "aldaketa ekonomiko, sozial eta politikoaren norabidean herrialde irakiten dagoen unean" egin da aurkezpen hau. Horregatik, testuinguru "berezi" honetan, Sortuk bere indar politiko eta militante guztiak lan horretan inbertituko dituela esan du, beti ere, beste Araba baten alde lan egiten duten herri sektore guztiekin batera.

Txus Martinez de Lahidalgak eta Itziar Amestoyk azaldu dute Arabako Kontseilua osatzen duten 21 lagunen izenean. Biek, Araba gero eta ezkertiarragoa eta abertzaleagoa dela azpimarratu dute. Adibide gisa aipatu dituzte Martxoaren 3koaren harira egindako azken mobilizazioak, Frackingaren aurka sortu den herri mugimendua, hezkuntza propioaren defentsan eta euskararen alde egiten ari den lana edo lan baldintzen defentsan eta eskubideen urraketen aurkako etengabeko langileen borroka. Madril eta Gobernuaren erasoei erantzunez.

"Herri sektoreek norabide batean lan egin arren, PP – PNV kontrakoan ari dira etengabe. PP – PNV eredu ekonomiko eta sozial propioa bultzatzen ari dira, gehiengo batek aldarrikatzen duenarekiko antagonikoa dena: haiek sektore soziala murrizten dute, langileen eskubideak zapaltzen dituzte, Trebiñuko auzia ahaztuta daukate, ustelkerian murgilduta daude. SEAren, patronalaren mesedetara hartzen dituzten erabakiak", zehaztu dute.

Eredu honen aurrean, Araba sozialista, independentista, feminista, ekologista eta euskalduna, aldarrikatu du Sortuk. Eskubide sozialen alde eta lan-eskubideen alde lan egingo duelako; ingurumenerako herrialdean dauden arriskuen aurrean planto egingo duelako eta politika feminista bere sustraietan dagoelako. Baina horrez gain, Araba euskaldun eta euskaltzalearen aldeko hautua egin dute. Era berean Trebiñu ahaztuko ez duen Arabaren alde lan egingo du, bertako biztanleek gainontzeko arabarrok dauzkaten eskubide berdinak bermatuak izan dezaten.
Ildo horretan aurrera pausuak emateko, eskua luzatuta daukatela esan dute, eragile guztiei eta alderdiei ere bai. "EAJ PP- ren atzapar neoliberala uzteko prest baldin badago herri sektoreek markatzen duten norabidean lan egin nahi badu, aurkituko gaitu", ondorioztatu dute.
Sortuk, Martxoak 3ko plazatik zabaldu du mezu hau. "Abarrontzat eta bereziki ezkerreko esparru abertzalean kokatzen garenontzat, 1976ko martxoaren 3a erreferente handia da aldaketa politiko eta sozialaren bidean jauzi bat markatu egin zuen martxoaren 3ak. Hemen abiatu zen aldaketa gogoa elikatu duen kontzientzia kolektiboa", gogoratu du SORTUk.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.