ALBISTEAK

"Amnistiaren norabidean preso eta iheslariak etxera" lelopean arratsaldeko 20.30ean abiatuko da ostiralean Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazatik

Abuztuaren 5ean Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazatik Arabako preso ohiek deitu duten manifestazioa abiatuko da 20.30ean eta bertan parte hartzeko deia egin du Sortuk. Gasteizko festetako egun handian izango da mobilizazioa eta jaietan ere denen askatasuna dugula helburu gogoratu nahi dute. Astero bezala, senide eta lagunak bidaia latz horiek egiten jarraitu behar dutela eta preso horiek etxetik urrun, haietako batzuk larri gaixorik, egunez egun baldintza gogorrei aurre egin behar dietela gogoratu nahi dute mobilizazio honen bitartez.

Egoera honen aurrean, euskal preso politikoei elkartasun osoa eskaini nahi die Sortuk preso, iheslari eta senide zein lagunei. Izan ere, presoak kaleratzeko prozesua abiarazteko nahikoa da egun indarrean dagoen legedia aplikatzea. Horregatik, euskal preso politikoek abian jarri duten prozesua babestu eta txalotu du Sortuk eta emandako pausuak zein emango dituztenak babesteko deia egin dio euskal gizarteari.

Behin baino gehiagotan erakutsi du euskal gizarteak salbuespeneko espetxe politikarekin amaitu behar dela eta gatazka konponbidearen bidean euskal preso eta iheslariak etxean egon behar direla. Ostiral honetan beste behin ere bizi duten egoera latza gogoan izan eta eskaera justu eta demokratiko honekin bat egiteko aukera izango da Gasteizen.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.