Atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuak onartutako prozesu konstituziogilearen oinarriak baliogabetu zituen. Oraindik zehazteko dago Carme Forcadell Parlament-eko presidentea auzipetuko duen ala ez. Hogei egunetan erabakiko du auzitegiak bide penala erabiliko duen edo ez Forcadellen kontra.
Espainiar estatuko Auzitegi Konstituzionalak harturiko erabakiaren aurrean Sortuk zera esan nahi du: alde batetik, elkartasun osoa adieraztea Carme Forcadell-i eta nola ez Catalunyan martxan den prozesu konstituziogileari; bigarrenik, Catalunyako herriari eman diezaiokegun laguntzarik onena, bertan, Euskal Herrian gure prozesu konstituziogilea martxan jartzea litzatekeela, alegia, Euskal Herriak ere bere bide propioa lantzea estatu burujabea izateko eta azkenik, dei bat espainiar estatuari, ez ditzala oztopatu Catalunyan hasi eta Euskal Herrian hasiko diren deskonexio prozesuak. Orainarte eta orain ere ikusten ari garenez, estatu espainiarraren eskaintza soilik inposaketa, mehatxua eta errepresioa baino ez da izan. Argi geratzen ari da estatu espainiarrean ez dagoela marjenik ibilbide demokratikoa egiteko eta beraz euskal estatuaren ereduari buruzko eztabaidari heltzeko tenorea iritsi zaigu.